Jone Vazquez, Euskadiko txapelketara

Txintxarri Aldizkaria 2011ko aza. 28a, 01:00

Buruntzaldea Igeriketa taldeko gazteak markak hausten jarraitzen dute. Aurreko asteburuan, Ligako bigarren jardunaldian 23 marka berri ezarri dituzte. Gainera, Jone Vazquezek Euskadiko txapelketako 1500 m. libreetarako txartela eskuratu zuen eta Mikel Sotok 200 m. libreetan segundo bakarrarengatik ez zuen lortu.

Tolosan, igeriketa ligaxkako bigarren jardunaldian, guztira 23 marka pertsonal eta erreleboko taldearen marka bat lortu zituzten pasa den larunbatean Buruntzaldea Igeriketa taldeko igerilari infantil, junior, promesa eta absolutuek.
Azpimarratzekoa izan zen Jone Vazquezek 1.500 m. libre proban lortutakoa. Jonek Euskadiko Neguko Infantilen Txapelketan aritzeko gutxieneko denbora lortu zuen lehen aldiz egiten zuen proba honetan.
Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu duenez, "orain dela bi aste egindako 800 m. libreko marka 12 segundotan hobetu zuen eta aurreko urtetik zuen 400 m. libreko marka ere 5 segundotan hobetu zuen".
Naiara Lizasok marka pertsonalak egin zituen 200 m. libre eta 200 m. estiloak probetan. Bigarrenenean gainera 50 m. tximeletako bere marka hobetzea lortu zuen.
Infantilekin jarraituz, igeri egin zuen proba guztietan bere marka pertsonala gainditu zuen Mikel Sotok. Eta 200 m. estiloak proban, Euskadiko Neguko Infantilen txapelketarako behar zuen gutxieneko denboratik segundo bakarrera geratu zen.

Gipuzkoako selekzioa

Taldeko beste infantilak, Iñigo Ibarburuk, 100 m. tximeletako marka pertsonala lortu zuen eta 200 m. libre proban bere marka onena berdindu.
"100 m. tximeletan egindako markak konfidantza handia eman dio larunbatean Gipuzkoako selekzioarekin duen txapelketan marka lortu eta Euskadikoarekin Espainiako Lurraldeen arteko Txapelketarako saiatzeko" azaldu du entrenatzaileak.

Juniorrak ere fin

Juniorrei dagokienez, guztiek Itsaso Tolosa, Mikel Arribillaga, Kevin Iglesias eta Garazi Alkortak haien marka pertsonalak gainditu zituzten.
Absolutuetan ere, Oier Mitxelenak marka pertsonala lortu zuen 50 m. bular proban. "Gainontzeko absolutuek ezin izan zituzten haien markak hobetu, baina Haitz 100 m. tximeletan txukun ibili zen, baita Naroa eta Alazne 50 m. bular proban ere" jakin arazi ditu igeriketa taldeko entrenatzaileak.
Honetaz gain Itsasok, Garazik, Naiarak eta Naroak osatutako taldeak 4x100 m. libre proban marka berria egin zuen eta lehen tokian igeri egin zuen Itsasok bere aldetik 100 libreko marka pertsonala egin zuen.

Espainiako txapelketa

Bestalde, lehengo astean Espainiako Neguko Txapelketan parte hartu ahal izateko denborak argitaratu ziren, infantil eta gazte mailakoak.
Marka horien arabera, Buruntzaldea igeriketa taldeko bi gazte izango dira txapelketa horrtean lehian, Iñigo Ibarburu eta Itsaso Tolosa.
Horren arabera, Iñigo Ibarburu infantila abenduan txapelketan izango da, 100 m. tximeleta proban.
Itsaso Tolosak, aldiz, 200m. bizkar proban parte hartuko du, otsaila aldera izango den gazteen txapelketan.