“Bertsoa eta zinema komunikatzeko eta sentimenduak adierazteko tresnak dira”

maider-azurmendi 2011ko azaroaren 28a

Ostegunean, abenduaren 1ean, 21:30ean eskainiko da Asier Altunaren Bertsolari filma Manuel Lekuona Kultur etxean. 2005ean Aupa Etxebeste! filma egin zuen Altunak Telmo Esnalekin batera eta orduan jasotako arrakastaren ondoren, bertsolaritzaren inguruko dokumentalarekin saiatu da bakarka. Bertsolari luzemetraiaz eta herriko Landaberri BHI-ra egindako bisitaz jardun gara Bergarako zinemagilearekin.

Landaberri BHI-n izan zen Asier Altuna bertako ikasleekin solasean. Komunikazioaz ari dira hausnartzen gazteak eta gaiarekin bat eginez, komunikaziotik abiatu eta sorkuntzarako mundua hurbildu nahi izan zien zinemagileak.

Zer iruditzen zaizu gazteekin egindako ekintza hau?
Komunikazioaren gaia gazteekin lantzea garrantzitsua iruditzen zait eta oso gustura parte hartzen dut horrelako ekintzetan.
Kontutan izan behar da gazte hauek etorkizuneko sortzaileak izan daitezkeela eta kultura kontsumitzaile potentzialak direla. Euskaraz egiten diren filmak daudela jakin behar dute, horretan lan egiten duten sortzaileak gaudela eta hortik ere bizi daitekeela.
Zinema zirkuitu independente hori badagoela ezagutu behar dute gazteek, gure filmak ikus ditzaten baita etorkizunean euskaraz sortzeko beldurrik izan ez dezaten.

Nolakoa izan da egindako harrera?

Harrera oso ona izan da. Mundu berezi bat da gazteena eta beti izaten dute gehiago jakiteko grina. Labur pila ditut eginda eta horietako batzuk erakutsi dizkiet. Horiekin euren arreta edukitzea errazagoa izan da. Orokorrean iruditzen zait zinea erakargarria gertatzen zaiela egungo gazteei.

Bertsolari, filmari dagokionez bakarrik egiten duzun lehen luzemetraia da. Zergatik bertsolaritza?
Sei urtean ez gara Telmo Esnal eta biok horrelako proiektuetan sartu. Denbora horretan beste gauza asko egin ditugu, Brinkola telesaila, labur batzuk. Elkarrekin proiektu batzuk izan ditugu baina ez dira aurrera atera.
Dokumentala egiteko gogoa 2005eko bertso txapelketan hasi zen. Bertan sortu zen giroa eta ikusmina ikusita, guzti hori erakusteko modukoa zela iruditu zitzaidan.
Bertsoa eta zineak badituzte zenbait ezaugarri amankomunean, komunikatzeko tresnak dira biak eta sentimenduak adierazteko eta jendearengana iristeko baliabide oso indartsuak. Horregatik hasi nintzen bertsolaritza ikertzen. Azkenean 2009ko Bertsolari Txapelketako finala grabatzea erabaki nuen.
Momentu horretan oraindik ez nuen guztiz argi ikusten hortik filma atera zitekeenik baina grabaketaren ondoren bai, kristoren gaia neukan, pelikula bat edo hamaika egiteko. Gerora prozesua oso azkar joan da.

Gaiak esan bezala, askorako ematen du. Ildo bat aukeratzea ez zen erraza izango.
Ba ez. Esan bezala ikuspuntu asko daude eta jorratu ahal diren bide ezberdinak baina behin hautatuta bide hori egitea erraza izan da. Nahiz eta bi urte pasa diren grabatzen hasi nintzenetik, oso bidaia azkarra izan da. Ez dut denbora gehiegirik izan balorazioak egiteko, hartutako bidea zuzena zen edo ez pentsatzeko.
Bertsolaritzarekin fidela izaten saiatu naiz, bertsoaren bat-batekotasunarekin bat egin du dokumentalak. Martxoan grabatzen ari nintzen, maiatzean muntatzen eta azaroan dagoeneko zine komertzialetan estreinatu ondoren festibaletan erakusteko prest. Bertsoa bezalakoa izan da filma niretzat, bota eta listo!

Donostiako Zinemaldian estreinatu zenuen filma. Zer suposatu du han egoteak?
Hasteko oso polita izan da bertan estreinatu ahal izatea. Zinemaldian atzerriko adituak egoten dira eta nolabait erakusleiho bat da. Sail Ofizialean aurkeztea esperientzia polita izan da eta filmari nolabaiteko estatusa eman dio.
Zinemaldian egoteak banaketa-enpresa indartsu batekin lan egitea ahalbidetu du eta hori oso ona izan da filmarentzat. Proiekzio zabalagoa eman dio. Golem gurekin harremanetan jarri zen Zinemaldiaren harira eta horrek banaketa txukuna egitea ahalbidetu du.

Eta orain zer?
Hiriburutan dagoeneko filma karteleratik erortzen ari da. Hilabete honetan baita hurrengoan, herriz-herri ibiliko da, filma ez da hilko. Lanku-rekin hitzarmena dugu gerora emanaldiak antolatu eta hitzaldi zein solasaldiak egiteko ikastetxe, euskaltegi eta kultur aretoetan. Beste zirkuitu bat izango da. Hauetan jendearekin harremanetan egoteko aukera izango dut eta oso esperientzia aberasgarria izango dela iruditzen zait.
Bestetik, Kubara goaz Andoni Egaña eta ni bertako zinemaldian Bertsolari aurkeztea. Oso esperientzia berezia izango dela uste dut izan ere, pelikulan Alexis Diaz Pimienta kubatar repentista azaltzen da, nolabaiteko harremana badu Bertsolari-k Kubarekin. Habanan repentistekin bilduko gara, hitzaldi bat emango dugu. Festibalen zirkuituan hasteko leku ezin hobea iruditzen zait Kuba.

Zinetan denbora nahikoa izan dela iruditzen al zaizu?
Lau aste eman ditu zinema aretoetan eta 15.000 ikusle inguru izan ditu. Pozik nago emaitzarekin. Kalean jendeak eskerrak eman dizkit film hau egiteagatik baita zoriondu ere eta hori oso polita da. Erraz ikusteko pelikula da eta jendea hunkitu egiten da zenbaitetan beraz oso balantze positiboa egiten dut.

Kuba ondoren hurrengo festibala zein izango da?
Beno, askotatik jaso dugu dagoeneko gonbitea baina oraindik poliki-poliki goaz. Askotara aurkeztu dugu filma eta ikusi behar erantzuna.
Jakin badakigu pelikulak festibaletan funtzionatzeko ezaugarriak badituela baina ikusiko da zer gertatzen den. Goya sarietan ere egon nahi dugu.

Sariak jasotzea espero al duzu?
Aspaldian jaso nuen nik saria. Niretzako Bertsolari egitea pauso handi bat izan da zinegile bezala. Telmoren lankidetasun horretatik aparte pelikula honekin aurrera egiteak nahikoa "bertigo" ematen zidan hasieran baina aurre egin diot eta oso ondo sentitu naiz lan hau egiten; gozatu egin dut. Gainera fikziotik kanpo dagoen dokumetalarekin saiatu naiz eta azkenera arte disfrutatu dut. Niretzako plazerra izan da lan hau egitea, bere tentsio momentuak egon dira noski baina oso gustura sentitu naiz orokorrean. Sariak erortzen badira, ongi etorriak izango dira, baina nire oparia dagoeneko jaso dut.

Kanpotarrek nola ikusten dute bertsolaritza?
Oro har harrituta geratzen dira bertsolaritzak duen jardun bereziarekin. Pelikularen ildo bisual eta poetikoarekin ere gustura geratzen da jendea.

Eta hurrengo proiektua?
Gogoa daukat beste pelikula bat egiteko. Ahal banu hurrengoarekin hasiko nintzateke, pelikula honek gehiago egiteko gogoa eman dit eta. Esperimentatzeko, egiteko moduekin jolasteko gogoa daukat. Dokumental hau egiteak, kreatiboki oso bizi egotea eskatu dit baina aldi berean ez dit nekerik sortu. Hurrengo lana agian fikzio bat izango da.

Lasarteoriatarrei zer esango zenieke Bertsolari ikustera joan daitezen?
Lasarte-Orian ikusle potentzial asko dago. Nik uste dut pelikula hau bertsolaritza oso urrutitik bizi duten pertsonentzat badela. Benetan jendea animatzen dut bertsozalea ez izan eta euskaraz ez jakin arren, Bertsolari ikustera joateko. Dokumentalaren ostean, beste modu batera ikusiko dute bertsolaritza eta baita euskara ere. Bertsolaritzaren mundura hurbiltzeko aukera polita eskaintzen du filmeak.