Igandean jakingo da abenduaren 18an Donostiako Ilunbe zezen plazako finalean zein zortzi bertsolarik abestuko duten. Momentuz, Beñat Gaztelumendi eta Jesus Mari Irazu sailkatuta daude, igandean saioa irabazten duena ere finalean izango da eta beste bost puntuen arabera, beraz Aitor Sarriegi (492 puntu), Unai Agirre (490), Agin Rezola (486), Alaia Martin (482) eta Felix Zubia (479.5) igandeko puntuazioaren zain daude. Horiek baino gehiago lortu beharko ditu finalean izan nahi duenak.
Zer moduz ikusten duzu zure burua final aurrekoari begira?
Ilusio eta gogo handia dut, baina era berean beldurra ere bai. Azken final-erdian kantatzeak bere alde on eta txarrak ditu, baina ni ahaleginduko naiz gainditu beharreko langara hurbiltzen.
Zer sentituko duzu Galarretan kantatzean?
Kartzela autokarabana batean izango omen da, pentsa! Exotikoa izango da behintzat! Pilotaleku handia da, eta bi mila lagunentzat prestatu dute. Ikusiko da zenbat betetzen den. Joaten dena eta nire burua gustura uztea dira helburu nagusiak. Lekua da gutxienekoa horrelakoetan.
Zein itxaropenekin igoko zaren oholtzara? Nola ikusi dituzu aurreko bi finalaurrekoak?
Faboritoak irrist egiten ikusi ditugu eta sufrimendu aurpegi bat edo beste ere bai, eta horrek zer pentsatu handia eragiten du. Zuri ere berdina gerta dakizukeen mamuak ez dizu lasai bizitzen uzten. Batzuk oso ondo somatu ditut, eta finaleko txartela oso garesti jarri dute, baina gu gurea egitera joango gara.
Nor ikusten duzun faborito Galarretan?
Gustura esango nizuke nire burua dela baina Jon Martin aterako da talde buru bezala. Esperientzia eta bide pixka bat egin dugun bertsolariak gara oro har gure seikotean, eta edonork egin dezake lehenengo bi postuetan. Ni horietako baten bila joango naiz. Ikusiko da urduritasunak bakean uzten nauen, eta epaileen boligrafoaren punta zer nolako zorroztasunez datorren.