Proposamenak langileen ordezkari diren sindikatuen onespena jaso du eta horrela arrazoi ideologikoak edo bestelakoak medio, langileek posible izango dute aipatutako hiru jai egunetan lan egiteko. Hauen ordez abenduaren 3a izango dute jai egun eta besteak nahi bezala moldatzeko aukera.
Udal korporazioaren hitzetan, egin duena langileen aukerak zabaltzea izan da; "aipatutako festa egun ofizial horiek jasotzen dituen lan egutegiaren ondoan langileek beste lan egutegi alternatiboa izango dute". Lan egutegi alternatibo horretan festa ofizial horiek eta lotuta dauden bi zubiak, guztira bost lan egun, ordezkatzen dira. Zehazki, ordezkapenak Euskararen egunean abenduak 3 eta langile bakoitzak aukeratuko dituen beste lau egunetan egingo dira.
Zerbitzu hobea herritarrei
Bilduk azpimarratu du udal funtzionamenduaren aldetik, "egindako proposamenari esker Udala egun gehiagotan ireki ahal izango dela herritarrei zerbitzua emateko" eta ez da errepikatuko datorren asteko egoera, hau da, PSE-EEk kudeatutako udal korporazioak onartutako egutegiarekin Konstituzio eta Inmaculadaren inguruan sortutako zubiagatik Udala itxita egongo da datorren aste osoan. Gainera gogoratu nahi izan dute udaletxetik, orain Lasarte-Orian proposatzen dena aspaldidanik aplikatzen ari direla Usurbil eta Hernaniko udaletan besteak beste.
PSE-EE aurka
Lasarte-Oriako alderdi sozialista ez dago ados udalaren proposamenarekin. Hauen ustetan erabaki honekin "langileak politikoki posizionatzea derrigortzen ditu". Gainera jai egunak langileen estatutuan eta euskal dekretuan ezarrita daudela defendatzen du Jesus Zaballos alkate ohiak "udaletxeak ez dauka egutegi ofiziala moldatzeko eskumenik eta beharrezkoa bada epaitegietara joko dugu".