“Twist” nobela mardula aurkeztu du Donostian Harkaitz Canok

Txintxarri Aldizkaria 2011ko abenduaren 2a

Euskal Herrian 80ko hamarkadan kokatu duen ‘Twist’ nobela mardula aurkeztu zuen atzo goizean Harkaitz Canok Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. Sekula idatzi duen eleberririk luzeenean, pertsonaia nagusiaren bi adiskide bahitu, torturatu, hil eta desagerrarazi egin dituzte, beraz Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren kasua dakar gogora. “Pertsonaiak fikziokoak dira, istorioa fikzioa da, baina, jakina, bai pertsonaiak eta bai istorioa 80ko hamarkadaren ispiluan jarriak izan dira, ispilu deformante batean” esan zuen aurkezpenean Cano lasarteoriatarrak.
Durangoko Azokara begira, hiru liburu berri ditu besapean Harkaitz Canok, Susarekin argitaratu duen aipatutako Twist nobela, Huacanamo argitaletxearekin gazteleraz atera duen “Compro Oro” lehen poema liburua eta Txalapartarekin “Telezailak” liburua, beste idazle batzuekin batera egindakoa.