Katxiporretak disko berria, DVDa eta liburuak atera ditu

Txintxarri Aldizkaria 2011ko abe. 2a, 01:00

Udazkenero bezala hainbat produktu berrirekin datoz Pirritx, Porrotx eta Marimotots: diskoa, DVDa, Bonberenea txarangaren CD-DVDa eta bost liburu egongo dira salgai Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen azokan. Zazpikoloroa ikuskizun berria aurkezten ari dira; Usurbilen abenduaren 8an izango dira kiroldegian, 16:00 eta 18:30ean, eta emanaldi bereziak dituzte BECen hilaren 17an 18:00etan eta 18an 12:00 eta 18:00etan.

Zazpikoloroa izena du Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 20 ipuintxo eta beste hainbeste abestirekin kaleratu duten CD berriak, "loroa, piraten hegaztia delako, txori alaia, koloretsua,... eta ostadarraren zazpi koloreak dituena".
Joxe Mari Agirretxek azaldu digunez, elkartasuna du oinarri aurtengo ikuskizunak eta diskoak, pertsonaiak Ane eta Patakon piratak izango dira eta arlo askotako hainbat elkarteri eskaini diote abestia, besteak beste, Banaiz Bagara, Ongiz gizonen elkarteari, Etiopia Utopiari edota Ekolapikori, eta Motxila21 Down Sindromea duten musikariek osatutako rock taldearekin abesti bat grabatu dute.
Letra gehienak bertsolarienak dira, Amaia Agirrek egin du bat, eta elkarteetako kideekin batera, besteak beste, Esne Beltzako Xabier Solanok Zea Mayseko Aiora Renteriak, eta Amparanoiako Amparok kantatu dute. Honek, rantxera bat euskaraz.

Pupu eta Lore DVDan

Bestalde iazko ikuskizuna jaso dute zuzen zuzenean "Ongi etorri Pupu eta Lore" DVDan. Martxoan Urnietako Sarobe antzokian egindako grabaketari, erreportajeak, bideo klipak, karaokea eta abestien partiturak gehitu dizkiote. Irudiak grabatu eta muntatzeaz arduratzen den Isa Fz de Agirrek azaldu digunez, hainbat bideo daude DVDan, besteak beste, Lasarte-Oriako Antzerki eta Dantza Eskolaren historiari buruz Kukukarekin grabatutakoa, Porrotx-ek Palestinara egindako bidaiaren kronika eta Lasarte-Oriako hainbat taldeekin eta Bonberenea txarangarekin Villa Mirentxun grabatutako LipDub-a.
Aurten gainera Bonberenea txarangarekin disko-DVDa atera dute, hainbat bideo-klipekin, tartean, "Maite Zaitut" abestiaren gorrentzako bertsioa, zeinu hizkuntzan aditu den Ainhoa Moiuari esker.
Liburuei dagokionez, haur txikientzat kartoizko "Pupu eta Lore", "Pirritx", "Porrotx" eta "Mari Motots" liburuak argitaratu dituzte, "lau hitzetan bakoitza nor den azaltzen dute”, eta "Sirenen Kantua" ipuina, Ane eta Patakon piraten abentura.