Euskararen eguneko adierazpen instituzionala egin du Udalak

Txintxarri 2011ko abenduaren 2a

Euskararen Nazioarteko egunari buruzko adierazpen instituzionala onartu du Udaleko Bozeramaileen Batzarrak gaur.
Adierazpenak hau dio:
Abenduaren 3-a Euskararen Nazioarteko Eguna dugu, Euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzeko eguna. Lasarte-Oriako Udalak ospakizun hau baliatu nahi du, gainera, eta bereziki, euskararen erabilera aldarrikatzeko. Guztiona den hizkuntza, gizarte kohesiorako giltza bilakatuz, aniztasunean oinarritutako herria eraikitzeko.
Euskara euskal gizartearen ondarea da, haren historiaren eta kulturaren osagarri ezinbestekoa. Baina, aldi berean, eta munduko gainerako hizkuntza guztiak bezala, eleaniztasuna ezaugarritzat duen gizadi osoaren ondare ere bada. Hizkuntzen dibertsitatea babestu nahi badugu, beharrezkoa dugu euskara babestu eta sustatzea.
Gipuzkoa lurralde euskalduna da, eta errealitate horri erantzun behar diogu erakundeok, lehentasunez. Bizi dugun garai honek ekarri behar ditu Euskal Herrira estuki lotuta, euskararen normalizazioa.
Horta, Lasarte-Oriako Udalak adierazten du, herritarron gogoa indartu, euskaraz bizitzeko jarrerak sustatu eta euskararen erabilera kalera eramateko, ekimenak babestu nahi ditugula egun honetan. Hain zuzen ere, errealitate horri erantzuten saiatuko gara erakunde honetatik, lehentasunez, instituzioei arduraz jokatzea dagokigulako.
Euskarak garapen-historia luzea du, argi-ilunez josia. Hizkuntzaren aurre-historiaz, aldiz, ezer gutxi dakigu segurtasunez. Baina euskara, batez ere, hizkuntza modernoa dugu, gaurkoa eta gaurkotua, gure egungo gizarteak erabiltzen jarraitu nahi duena, eta, gizartearen alor guztietan, gero eta aitortza handiagoa jasotzen ari dena. Euskararen aldeko oinarrizko adostasunetik, 1982-ko Normalizazio Legean islatu zen hartatik, itun berri bateranzko orainaldiko saioetara denbora tarte bat dago, ez oso handia, baina euskararen ezagutza eta erabileran aurrerapauso sendo eta ikusgarriak eman dira urte hauetan.
Munduan adibide gutxi aurkituko dituen indarberritze deigarri honek ikuspegi ezberdinen arteko adostasunean du oinarri, adostasunik gabe ezinezkoa baita halako prozesu bat. Eta adostasuna lortzeko nahitaezkoak izaten dira guztien borondatea eta elkar aditzeko jarrera irekia.
Euskara nazioartean zabaldu eta kokatu behar dugu, hitz egiten den lurraldeetan eta haietatik kanpo, egungo mundu eleanitz honetan hizkuntzek geografiaren mugak erraz gainditu baititzake. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzean euskararen orainari eta etorkizunari leiho zabal bat irekitzen diegu, eleaniztasunak gure bizikidetzan eta gizarte-kohesioan izan dezakeen eragin onuragarriaz konbentziturik
Euskal herritarrok euskaraz hitz egin dugulako bizi da euskara; eta aurrerantzean ere, herritarrok euskaraz bizi nahi dugulako biziko da euskara. Beraz dei egin nahi diegu
herritarroi etxean, kalean, lanean, aisian eta edonon euskaraz bizi gaitezen.
Beharrezkoa da gaurdanik, gure udalerri honetan, euskarazko elebitasuna praktikan
jartzea eta norabide horretan Udal honek ondorengo konpromisoak hartu eta deialdiak luzatu nahi ditu:
1.- Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du bere zerbitzu publikoak eskaintzen dituztenen langileen euskalduntzea bultzatu eta bermatzeko.
2.- Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du bere zerbitzu publikoak eskaintzan dituztenen langileen lehen hitza beti euskaraz izan dadin.
3.- Udal honek bere esku dagoen guztia egingo du bere barne funtzionamendua euskaraz izan dadin.
4.- Udal honek udalerri honetako euskal komunitateak dituen hizkuntza eskubide indibidual eta kolektiboak bermatze aldera, gure herrian eta atal zein arlo ezberdinetan, euskaraz bizitzeko eskubidea helburu duen plangintza integrala garatzeko konpromisoa
hartzen du.
Horregatik, Lasarte-Oriako Udalak bat egiten du Euskararen Nazioarteko Egunarekin eta konpromisoa hartzen du euskara sendotzeko neurri malguak eta politika egokiak bultzatzeko. Aldi berean dei egiten die euskal herritar guztiei, bertan eta nazioartean euskara sustatzearen alde, gaur antolatzen diren ekitaldietan parte hartu dezaten.