03_Euskararen Eguna Lasarte-Orian

Txintxarri 2011ko abenduaren 2a

Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko eguna da. Hori ospatzeko, gaur goizean Jon Lasaren Amalur trikitixa eskolako talde batek herriko kale bazterrak alaitu ditu pandero, txistu eta trikitixa doinuen laguntzaz. Horretaz gain, bertsoak ere kantatu dituzte bertako ikasleek, eta guraso zein lagunez lagunduta, kalerik kale aritu dira umore onean “Aitorren hizkuntza zaharra” edota “Santimamiñe” bezalako kantuak joz.

Bestalde, Kuadrillategi eta Gazte Klubeko gaztetxoek mihia astintzeko aukera eduki zuten atzo Ttakun kultur elkartearen Gazte lokalean. Bertan, mintzapraktika ariketa batean, sare sozialak, telezaborra eta ikasketak bezalako gai mamitsuen inguruan jardun ahal izan zuten. Denetariko iritziak entzun ahal izan ziren eta zenbait momentutan, ikuspuntu kontrajarriek talka egitean, dezibelioek gora egiten zuten Gazte lokalean. Argi geratu zen kalakari trebeak daudela Lasarte-Orian eta gerora begira, hiztun euskaldun trebeak izango ditugula gure herrian.