Akelarre izena eman zaio Lasarte-Oriako iraultzarako gazte taldeari. Herrian duela hainbat urte izan ziren gazte taldeek egindako lanari jarraipena emateko eratu da taldea. Haiek diotenez, garai hartako gazteen izpirituak kalean baitirau, bizi bizirik. Horregatik, belaunaldi berrien garaia dela sinetsita daudenez, gauzak aldatzen lagundu nahi duen ororentzat “ateak irekita” dituztela esan dute.
Larunbatean izan zen aurkezpen ekitaldia eta zenbait ekintza antolatu zituzten haien egun berezirako. Arratsalderako prestatua zegoen poteoa hainbat lagunek hartu zuten parte eta musikaz lagunduta, giro ederrean ibili ziren gazteak tabernaz taberna. Horren ostean, Loidibarrengo pilotalekura abiatu ziren. Hasieran afaria Okendo plazan egitea pentsatzen bazuten ere, azkenean leku estali batean egitea erabaki zuten eguraldi txarra tarteko.
Han egin ziren ekintzen artean, Gazte Olinpiadako joko edo kirol proba ezberdinak izan ziren dibertigarrienak. Barre algara ozenak entzun ziren jolas ezberdinak ikusten egon zirenen artean.
Jolasak amaituta, aurkezpen ekitaldia egin zuten. Lehenik, herriko gazteek hainbat gairen inguruan zuten iritziak biltzen zituen bideo proiekzio bat jarri zuten. Besteak beste, etxebizitzaren prezioa, ikasketak euskaraz egiteko aukera, berdintasuna edota zaborraren kudeaketa sistemaren inguruan galdetu zitzaien herriko hainbat gazteri eta hauen beharrak eta egonezinak agerian geratu ziren.
Ostean, aurkezpen ekitaldiari ekin zitzaion idatzi baten irakurketarekin. Bertan, “erraustegia, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta kultura libre eta euskalduna ardatz harturik”, arlo horietan eragiteko beharra ikusi eta horiekiko konpromisoa berretsi zituzten. Iraultzarako gazte taldea izanik, iraultza, norberaren baitan sortzen den zerbait dela ohartarazi zuten, pausu txikiekin helburu handiak lor daitezkeela sinetsita.
Afarian berriz, 90 bat gazte bildu ziren eta eurek prestatutako menua dastatu ahal izan zuten. Afalostean, hiru kontzertu eskaini zituzten. Lehena, Pau Alabajos bakarlari valentziarraren kontzertu bikaina izan zen. Hitzak kataluniarrez baziren ere, argi eta garbi komunikatzen zuen barruan zuen samina abesti iraultzaileak kantatuz herriko gazteen aurrean.
Egunari amaiera emateko, Trikihotsen erromeria eta DjZeboren emanaldia gaueko ordu txikietara arte luzatu ziren.