Palestinan bizitakoa lurrikara moduko bat izan da Aroa Lasaren bizitzan eta kaleratutako liburua da horren adibide.
Zergatik Biladi Hadi Brigadan parte hartzea? Zenbat denborako egon zinen Palestinan?
2010ko udan hasi zen proiektua. Palestinara elkartasun brigada kultural bat egitea pentsatu genuen. Duela hiru edo lau urte Katalunian burutu zuten esperientzia eta guri ere interesgarria iruditu zitzaigun Euskal Herritik brigada kultural bat martxan jartzea. Bi txanda izan ziren, lehenengo taldeak uztailan egin zuen egonaldia Palestinan eta nire kasuan, bigarren txandan irailean.
Kultur arloko jende asko egon ginen, musikariak, zinemagileak, idazleak baita udal ordezkari, pailazo, kazetariak eta ikasleak ere. Palestinan hamar egun egin genituen, bi brigaden artean 40 lagun inguru izan ginen. Ez ginen bi taldeak batera joan herrialdean sartzeko jartzen dituzten eragozpenak saihesteko. Arramazkako kide bezala joan nintzen brigadan, taldeko hiru lagun joan ginen han kontzertuak egiteko helburuarekin.
Nolako esperientzia izan zen?
Oso muturreko esperientzia. Kontaktuak internazionalismoan lan egiten duen jendeari esker lortu genituen eta bertakoekin gertuko harremana izatea oso aberasgarria izan zen. Jende askorekin hitz egiteko aukera izan genuen eta euren ahotik haien eguneroko bizitzaren berri izatea aldi berean gogorra izan zen.
Brigadako parte izatea planteatu zigutenean, pentsatu genuen oso polita litzatekeela hango musikariekin abesti bat grabatzea. Hori izan zen nolabait gure hasierako helburuetako bat eta lortu genuen. Nazaret-en Rim banna abeslariarekin eta Dam taldearekin Mikel Laboaren "Gure hitzak" abestiaren bertsioa grabatu genuen.
Zergatik liburua?
Hasieratik argi genuen Palestinatik bueltan, Euskal Herrian, zerbait egingo genuela bizitako esperientzia islatzeko eta noski sorkuntza lana behar zuen. Ez gara Palestinan adituak eta argi geneukan sortuko genuen liburuak guk sentitu eta ikusitakoa islatu behar zuela. Brigadaren helburua Euskal Herria eta Palestinaren arteko zubiak eraikitzea izan da, BDS (Boikot, Desinbertsio eta Santzioa) kanpainaren jarraipena. Euskal-Herria eta Palestinaren arteko zubiaren eraikuntzan beste harri bat.
Liburuak hiru zati ditu...
Bai hiru atal, “Palestina ikusi genuen”, 60 argazki, Euskal kulturgintza eta politikagintzako zenbait lagunen testuekin hornituta; “Palestinatik diote” bertakoen testigantzak jasotzen dituen atala eta azken zatia, boikotaren gaia jorratzen duen “eta orain zer?”.
Duela bost urte hasi zen boikota. Palestinarrek eskatutako kanpaina da, Israel marka duen orori boikota egitea. Israelek estatu normalizatu baten irudia eman nahi du eta ez dago nazioarteko erantzunik. Herrialde Palestinarraren bizirauteaz ari gara eta BDS kanpaina bide eraginkorra izan daiteke honi babesa adierazteko. Gure lanarekin, bertako egoera zein den zabaldu nahi dugu. Norberak BDS kanpainaren bitartez, estatu genozidaren ekintza gaitzetsi dezake. Denen artean nazioarteko erakundeak derrigortu behar ditugu zapalketa egoera behingoz bukatzeko. Guk ere, gure txikitasunean, Palestinarengatik zerbait egin dezakegu.
Zenbat denborako lana izan da liburua?
Lana oso intensoa izan da. Urte bete egin dugu liburuarekin bueltaka. Lehen pausua itzulera gainditzea izan zen. Horrelako bidaiaren ostean, inpotentzia askorekin bueltatu ginen. Han bizi eta ikusitakoa gogorra izan zen eta guzti horren inguruan hotzean hausnartzeko beharra genuen. Bidaia eta liburuaren arteko denbora hori beharrezkoa izan zen, hilabete inguru hartu genuen kokatzeko.
Ondoren bai, argazkiak hautatzen hasi ginen eta kolaborazioak bilatzea erabaki genuen kanpaina indartu eta izen gehiagorekin nolabait babesteko. Alfonso Sastre, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Asisko Urmeneta, Miren Artetxe, Joseba Sarrionandia, Martxelo Otamendi... lagun asko izan ditu liburuak. Egia esan, gure proposamenaren aurrean proiektuak oso harrera ona izan zuen eta emaitza oso polita izan da. Elkartasun brigada kulturalaren helburua bete dugula esan daiteke.
Parte hartzerik nabarmenduko al zenuke?
Denak izan dira bereziak. Euskal Herriko kulturgintzako kide askok parte hartu dute. Bereziki hunkitzen nau Alfonso Sastre-ren testuak.
Baina liburua bakarrik ez, diskoa ere prestatu zenuten.
Ba bai, liburuaren barruan datorren diskoa hain zuzen. Liburuarekin buru belarri ari ginela, Palestinan grabatutako kantak eta Brigadakide izan ziren beste musikarien ekarpenak biltzeko aukera polita iruditu zitzaigun eta diskoa sortzeko material nahikoa zegoenez, liburuaren osagarri izatea erabaki genuen. Pirritx, Porrotx eta Marimotots-ek esaterako, arabieraz grabatu zuten Palestinan "Maite Zaitut" kanta.
Diskoan parte hartzeko proposatu genien beste talde batzuei: Eratu taldeak kantu bat egin zigun baita Esne Beltzak ere. Besteak beste Berri Txarrak eta Fermin Muguruzak sortuta zeuzkaten kantak utzi zizkiguten. Madeleine, Skatu, Maldan Behera, Napar-K eta Jon Aranbururen kantak ere badira diskoan, Arramazka eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots-enekin batera. Euskal kulturgintzako pertsona ezagunek proiektua babesteak, oihartzuna eman dio lanari eta hau oso garrantzitsua da hain beharrezkoa iruditzen zaigun zabalkuntzarako.
Lan honetan zein izan da zure egin beharra?
Nire lana beste bi kiderekin batera, liburuaren koordinazio lana izan da argazkiak hautatu, idatziak eskatu, taldeak lotu, diskoa ekoiztu. Azken batean jende asko mugitu behar izan dugu eta hori guztia guk bideratu dugu. Prozesuan pertsona askoren laguntza ere izan dugu adibidez liburuaren diseinua Igotz Ziarretak egin digu.
Liburua Durangon aurkeztu zenuten Ahotsenea gunean. Nolako harrera izan zuen?
Berez lehenago kaleratzea zen gure asmoa, baina, Durangon hiru aldiz agortu ziren liburuak, jende asko gerturatu zen aurkezpenera eta oso polita izan zen. Oso harro gaude.
1.000 ale kaleratu ditugu Euskal Herrian banatzeko, ea beste edizio bat kaleratzeko aukera dugun. Proiektua autoekoiztua izan da, lanerako gogotik eta bertan bizi izandakoa adierazteko beharretik erditua. 10 eurotan saltzen da liburua, diskoarekin batera, Amalur musika eskolan dago salgai. Euskal Herria-Palestina Sarea-ren babespean atera dugu diskoa. Honek burutzen dituen ekintzen artean bat gehiago da gure liburua, lan jarraia. Orain esaterako jostailuen boikot kanpaina dago martxan Imaginarium, Toys "R" Us eta Afede jostailu dendatan.
Liburuarekin batera argazki erakusketa bat antolatu dugu eta dagoeneko zenbait herritan egon da, Zumaian, Altsasun, Arbizun... hitzaldiak emateko gonbiteak ere jaso ditugu eta horretan gaude.
Palestinara bueltatuko al zara?
Errepikatzeko esperientzia da baina uste dut hemendik denbora batera izan beharko duela. Bizitzan lurrikara antzeko bat suposatzen du horrelako esperientzia batek eta sentitzen duzun guzti hori kanalizatzeko denbora behar da. Lagunak utzi ditut han eta haiek ikustera bueltatuko naiz. Gezurra dirudi hamar egunek guregan utzitako marka hain sakona izatea.
Agian hurrengo bidaia ez nuke brigada batean egingo. Brigada baten parte izatea oso esperientzia aberasgarria izan da niretzat eta Arramazka ere indartuta bueltatu da Palestinatik. Talde bezala oso esperientzia intimoa bizi genuen han eta horrek asko batu gaitu. Kanta askoren umetoki izan da Palestina eta orain horiekin ari gara lanean.