Eztiphoto sortu zutenetik jaso duten lehen saria izan da Furgovw.org guneak emandakoa baina bi argazkilari hauen ibilbide profesionalean badira beste hainbat sari.
Ander Gartziandiarekin elkartu gara eta solasaldian azaldu digu berak zein den euren lanen ukitu berezia lortzeko sekretua eta aldi berean, estudio gazteak etorkizunera begira dituen helburu eta erronka nagusiak.
Nolatan aurkeztu zineten lehiaketara?
Egia esan, saria ezustekoa izan da guretzat. Ezkontza bateko argazkia da eta protagonistek bidali zuten lehiaketara, beraiek deitu gintuzten sariaren berri emateko.
Ainara Nuñez da argazkiko protagonista, berari benetan eskerrak eman behar dizkiogu. Bere ezkontzako argazkiak egin genituen eta sesiorako bikotearen lagun batek Volkswagen zahar bat utzi eta hau agertzea nahi zuen bikoteak.
Furgoneta da argazkiak duen berezitasuna, Getaria eta Zarautz arteko errepidean aterata dago, surflariak bildu ohi diren gune batean.
Retokatuta al dago argazkia?
Bai argazkiak baditu erretokeak. Orokorrean argazki guztiei nolabaiteko prozesatu bat egiten diegu.
Argazki kamara digitalekin nahikoa argazki lauak ateratzen dira berez eta indartzeko prozesatu hori beharrezkoa dute, toke bat, naturaltasuna eta koloreak indartzeko. Kasu honetan, Aitzolek eman zion azken ukitua nire argazkiari eta emaitza bikaina da.
Lan egiteko garaian, bakoitzak lan baten ardura hartzen du. Ezkontza hau nire lana izan zen, nik atera eta landu nituen argazkiak. Ondoren, Aitzolek hartu zituen gehien gustatu zitzaizkion argazkiak eta bere irizpideen arabera, azken buelta bat eman zien. Beti egiten dugu horrela, nik Aitzolen lanak hartzen ditut eta berak nireak.
Baina hau ez da jasotzen duzuen lehen saria, ezta?
Bai eta ez. Orain arte jaso ditugun sari guztiak indibidualak izan dira, hau da, Aitzolek edo nik pertsonalki irabazitakoak. Aitzolek paisaiak atsegin ditu eta nik erretratuetarako joera daukat eta lan horiengatik jaso ditugu sariak.
Estudioa 2010ean jarri genuen martxan eta nolabait azken hau da Eztiphotoren izenean jasotzen dugun lehen saria eta horrek bereziki poztu gaitu.
Garrantzitsua al da argazkilari batentzat sariak eskuratzea?
Bai garrantzitsua da. Dena den argazkilaritzan sariak jasotzea zorte kontua ere bada nire ustez. Askotan munduko argazkirik onenena daukazula sinestuta aurkezten duzu lehiaketara eta ez da saritua ateratzen. Interes gehiegirik gabe bidalitakoa berriz, irabazle suertatzen da ezustean. Ezin da jakin.
Azken sari honek, esaterako, balio asko dauka Eztiphoto beraren izena ezagutzera ematen duelako.
Ez dituzue ezkontza argazki klasikoak egiten ezta?
Argazkilari bezala iturri guztietatik edaten saiatzen gara. Ez da berdina Espainia edo Estatu Batuetako argazkigintza profesionala, eta gu estilo eta tendentzia guztietatik ikasten saiatzen gara gure lanetan isla dadin.
Ezkontza argazkien kasuan, guretzako oinarrizkoa da naturaltasuna bilatzea. Jendea ezkontza argazki klasikoetara ohituta dago eta gure ustez horietan naturaltasun falta nabarmena da. Argazki mota honetan, argazkilarien joera izan da bikoteari postura edo jarrera guztiz artifizialak eskatzea eta azken emaitzan nabaritu da protagonisten erosotasun falta hori. Gure lanarekin naturaltasun hori transmititu nahi dugu. Aitortu behar, horretan saiatzen garela baina kasu batzuetan, guztiz lortzea oso zaila gerta daiteke.
Hori islatzen saiatzen gara berrikuntzak sartzen, egunero berritzen, tendentziak izaten ditugu mintzagai gure bileratxoetan eta beti ari gara gauza berriak bilatzen.
Argazkiak egiterako orduan bezeroen nahiak kontutan izaten al dituzue?
Bai baina ez da erraza. Askotan bezeroak buruan ideia bat izaten du eta guri dagokigu hori gauzatzea. Gauzatze horretan izaten dira desadostasunak, bezeroak nahi duen hori berak nahi bezala ulertu behar dugulako guk ere eta ez da lan erraza.
Hala ere, normalean bezeroak gure ideiak entzuteko prest etortzen dira eta alde horretatik zortea izan dugula iruditzen zait. Jendea proposamen berriak entzuteko prest azaldu zaigu eta hala lan egiten utzi. Ia %100 asmatzen dugu baina beti beti ezin da eta pixkanaka ikasten ari gara harreman hori ere lantzen.
Bakoitzak estilo bat al dauka?
Bai nabarmen. Bakoitzak bere lan egiteko modua dauka bai argazkia ateratzeko orduan baita, argazkia bera, prozesatzerakoan ere eta hori azken emaitzarako oso aberasgarria da. Modu "konstruktiboan" egiten dugu lan, batak bestearen lana hobetzen saiatzen.
Guretzako egiten dugun lanaren oinarrizko ezaugarria kalitatea da. Argazki guztiek kalitate maila altua dute eta horrek ere gure argazkiak norberak atera ditzakeenetatik bereizten ditu.
Zertan oinarritzen da zuen eguneroko lana?
Orain arte gehien egin duguna erretratuak izan dira, honen baitan noski ezkontzak eta estudioan burutzen diren saioak, haurren argazkiak, bookak, moda kutsua duten lanak. Egia da ere enpresa mailako zenbait lan egin ditugula, batez ere katalogoak eta azken hauek egiteko geroz eta eskaera gehiago ari gara jasotzen.
Gaur egun argazkilari profesionala izatea, niretzako, nahikoa gogorra da, "multidisziplinarra" izan behar da, denetatik egin behar da.
Estudioan ala kanpoan lan egitea nahiago?
Bitan ondo. Espazio bakoitzak emaitza jakin batzuk ematen dizkizu, efektu ezberdinak. Barruan esaterako, flasharekin fideltasun berezi bat lortzen da eta kanpoan berriz, lehen aipatutako naturaltasuna lortzea errazagoa izaten da.
Webguneaz gain, blog bat duzue eta sare sozialetan zaudete. Garrantzitsua al da sarean egotea?
Lan onak egiten ditugu eta jendeak erakusten dituenean gure izena zabaltzen da.
Bezero berriak lortzeko garaian ahoz ahoko hori nabaritzen ari gara.
Hala ere, gure erronka Interneten presentzia ona izatea da. Lasarte Oriako jendea etorri da baina erdia baino gehiago Donostiatik, Hondarribitik,... kasu batzuk izan ditugu kanpotik iritsi zaizkigunak ere. Esaterako gure lana Interneten ikusi eta Madril edota Ibizako bikoteen ezkontzak egin ditugu. Bi kasutan Donostia gustuko zutelako bertan ezkondu eta gu hautatu gintuzten argazki saioa egiteko.
Bloga martxan jarri dugunetik www.eztiphoto.com webgunean bisitak asko igo dira.
Bertan gure lanen berri ematen dugu edo interesgarriak iruditzen zaizkigun informazioak igotzen ditugu ia egunero. Edukiak berritzen saiatzen gara web dinamikoa lortzeko. Batez ere konturatu gara Facebook eta Twitter bidez iristen zaizkigula bisitariak blogera eta momentuz, oso pozik gaude tresna honek izan duen harrerarekin. Egun sare sozialetan egotea garrantzitsua dela iruditzen zaigu.
Zeintzuk dira etorkizunerako erronkak?
Interneten gure presentzia lantzen jarraitu nahi dugu eta bestetik, argazki honekin hasitako bideari jarraipena eman. Eztiphoto izenarekin lehiaketa ezberdinetara aurkeztuko ditugu gure lanak. Gainontzekoan, ondo lan egiten jarraituko dugu.