“Larunbatean herritarren babesa jasotzea polita litzateke”

maider-azurmendi 2011ko abenduaren 12a

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak Gurpil Aulkiko Gomazko Paletako I. Txapelketa antolatu du. Urrian hasi ziren partidak eta herrian jokatuko den finalarekin bukatuko da txapelketa. Honetan parte hartuko du Patxi Fadrique herritarrak Urko Peñarekin bikote eginez.

Pala txapelketan garaipena lortzen saiatuko dela dio Patxi Fadrique lasarteoriatarrak. Lehen aldia da bere herrian lehiatzen dela eta horrek nolabaiteko indarra ematen dio. Larunbatean herritarrak animatzen ikustea gustatuko litzaioke.

Urko Peñarekin egiten duzu bikote txapelketan. Ondo moldatzen al zarete elkarrekin jolasten?
Ondo ezagutzen gara. Parte hartzaile guztiak elkarrekin entrenatzen dugu asteartetan Zubietako frontoian aspalditik eta gure artean bikoteka jokatzeko ez dugu arazorik izaten.
Kasu honetan finalerako partidatan jokalari bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera eratu dira bikote berriak eta hala egokitu zaigu. Dena den, Urkorekin Usurbilen ere jokatu nuen.

Palako finala nola espero duzu?
Guretzako garrantzitsuena ondo pasatzea da. Kasu honetan ohi bezala finala borrokatua izango da, baina baita polita ere. Txapelketa ligaxka moduan jokatu dugu, Usurbil, Antzuola eta Zegaman egin ditugu gainontzeko partidak eta lehen aldia da Lasarte-Orian.

Finala zure herrian izanda, desberdin ikusten al da?
Ez bereziki. Etxean jokatzea bada nobedadea baina orokorrean gu ikustera ez da jende asko gerturatzen, ez daukagu jarraitzaile askorik beraz azkenean berdin dio non egiten den partida. Noski finala hemen izanda, gustatuko litzaidake jendea gerturatzea. Nire ustez partida politak jokatzen ditugulako eta ikusteko entretenigarriak dira.
Dena den, egia da pala txapelketako partidak jokalarien herritan egitea izan dela federazioaren asmoa. Mota honetako lehen txapelketa izan da.

Irabaztea espero al duzu?

Ezin da jakin. Gutako edozeinek irabaz dezake, berdina entrenatzen dugulako eta elkarrekin. Beraz, oso ondo ezagutzen dugu elkar eta badakigu nola jolasten dugun.

Zubietan entrenatzen duzue. Lasarte-Orian ez al dago leku aproposik?
Egia esan, bestelako arrazoiak daude. Denak gara Usurbilgo pilota elkarteko kideak beraiek izan zirelako lehenak pilota egokitua eskaintzen. Usurbilgo frontoia eta Zubietakoa elkarteak kudeatzen ditu eta horregatik errazagoa da guretzat hauetan tarte finkoa edukitzea. Entrenatzeko orduak finkatuta ditugu eta Zubietako frontoia ordu horietan guretzat dagoela ziurtatuta dugu. Lasarte-Orian Loidi-Barren frontoia oso ondo dago baina kiroldegiko beste instalazioetara ezin gara sartu, ez daude egokituak.

Bestela Donostiara joaten zara entrenatzera?
Bai saskibaloia eta tenisa Donostian egiten ditut. Azken hau Ondarretako Real Club de Tenis-en, bertan hasi nintzen eta nirekin oso jarrera ona dute. Entrenatzaile bat daukat eta entrenatzeko pista libre bat nahi dudanerako. Hori eskertzekoa da.
Lasarte-Orian ordea, ezin dut tenisean egin. Michelingo pistak itxita daude goizetan, eta arratsaldetan haurrak egoten dira, kiroldegian berriz, instalazioak ez daude moldatuta eta padeleko kantxetara gurpildun aulkiarekin sartzea ezinezkoa da ateak estuegiak direlako, pena da.

Berriki Tenerifen izan zara saskibaloi partida jokatzen Salto Bera Bera taldearekin. Asko entrenatzen al duzue? Bidaia luzeak egiten dituzue partidak jokatzeko.
Nahikoa entrenatzen dugu. Aurten jende aldaketa izan dugu taldean, besteak beste entrenatzaile berria dugu eta oraindik moldatzen ari gara. Oraingoz bi partida irabazi ditugu eta beste hiru galdu. Aurreraka goaz baina aurten sailkapenaren erdian amaituko dugula uste dut, iaz lehenengoak izan ginen.
Estatu mailan jokatzen da saskibaloi txapelketa eta Aviles, Zamora, L'Hospitalet, Bartzelona, Zaragozan ditugu partidak. Tenerifera joatea bereziki luzea eta nekeza izaten da, hamabost orduko bidaia baita. Hegazkina hartzea beti da nekezagoa guretzat. Gurpildun aulkian ibiltzen garenok bi ordu lehenago egon behar dugu aireportuan, lehenak hegazkinera igotzen gu izaten garelako eta beste aulki bat daramagunez, horiek igotzeko ere denbora behar izaten delako. Behin iritsita, azkenak gara hegazkinetik ateratzen. Orokorrean autobusean mugitzen gara.

Pala, saskibaloia, tenisa zerbait gehiago?
Padelean ere hasi naiz. Tenisean soilik bi urte daramatzat eta estatu mailan 80 jokalari inguru ibiltzen gara. Iaz erdiko postutan bukatu nuen denboraldia eta aurten, laugarren izan naiz sailkapen orokorrean. Oso gustura nago tenisarekin. Uda izaten da batez ere txapelketak egiten diren garaia eta aurtengoan asko entrenatu nuen aurretik, ia egunero, eta oso eroso ibili naiz lehiatzen.

Nola egiten duzu guztiei denbora eskaintzeko?
Egutegia moldatzen dut kirol bakoitzari behar adina denbora eskaintzeko. Orain saskibaloia eta pala dira eta gero, martxoan, tenisa hartuko dut saskibaloiarekin amaitzean. Tenisean ez daukat babeslerik eta hau gabe lehiatzea oso zaila da, estatu mailan jokatzen dira txapelketa guztiak eta gastu asko dira, bidaiak, hotelak...pentsatu behar dut datorren denboraldia nola moldatu.

Betidanik izan zara kirolzale?
Txikitan bai, baina gero lanean hasi nintzenean erabat utzi nuen. Orain duela sei urte hasi nintzenetik, ez naiz gelditu. Ia egunero entrenatzen nabil eta kirol gehienak probatzen saiatu naiz, arrauna adibidez.

Jendea animatuko al zenuke zuen partidak ikustera joateko?
Noski, palan partida politak egiten ditugula iruditzen zait. Ikusteko modukoak. Larunbatean Lasarte-Oriako bizilagunen babesa izatea polita litzateke niretzat.