Erregeen Kabalgatako kartela egiteko marrazki lehiaketa

Txintxarri Aldizkaria 2011ko abenduaren 12a

Megaba elkarteak marrazki lehiaketa antolatu du haurren artean irudi hori gero Erregeen Kabalgatako kartelean erabiltzeko. Lehiaketako gaia Ekialde Urruneko Errege magoak da eta gai honekin zer ikusia duen edozer marraztu dezakete etxeko txiki eta gazteek.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 3 eta 12 urte arteko haurrek parte hartu ahal izango dute lehiaketan eta hiru maila desberdinetan egongo dira banatuak: batetik 3 eta 6 urte artekoa, bestetik 7 eta 9 urte artekoa eta azkena, 10 eta 12 urte artekoa.
Adin bakoitzeko irabazle bat egongo da eta ordainetan oparia jasoko dute. Azkenik hiru irabazle horien artean, bat aukeratuko da Erregen Kabalgata iragartzeko kartelean jartzeko.
Teknikari dagokionez, edozein marrazketa modu erabil daiteke, margoak, akuarelak, errotuladoreak, etb.
Haur bakoitzak marrazki bat aurkeztu dezake. Hau A4 batean eginda egon beharko da eta ezingo du tolestura edo markarik izan. Atzeko aldean umearen datuak jarriko dira, izena, abizenak eta adina. Guraso baten edo tutorearen datuak ere bertan agertuko dira, izena, abizenak, helbidea, helbide elektronikoa eta harremanetarako telefono zenbakia gehituz.
Aurkeztutako lan guztiak elkartearen jabetzakoak izango dira eta honek eskubidea izango du kartel edo iragarkietan erabiltzeko.
Lanak Manuel Lekuona Kultur etxean egongo den postontzian utzi behar dira abenduaren 23a baino lehen.