Debagoieneko Tobera antzezpenaren libretoa idatzi du Iñaki Urruzola lasarteoriatarrak, eta ikuskizuna prestatzen buru belarri ari da egunotan abenduaren 28an, Inuzente egunarekin, estreinatuko dute eta Arrasateko Amaia antzokian 19:30ean. Tobera umoretsu eta satiriko-ironikoan Bergarako herriak Arrasatekoa epaituko du. Urruzola, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean ari da azken urteotan lanean, eta Lasarte-Orian urtero egin ohi den Santa Ana parodia moduko bat eraman du Deba bailarara.
Iparraldean jatorria duen eta Lasarte-Orian urtero egiten den antzezpen kritikoa oso ondo hartu dute Bergara-Arrasate inguruan eta hainbat lagun ari dira lanean, pertsona ezagunak gainera, ordu eta erdi iraungo duen ikuskizunean. Besteak beste, bi herriak ondo ezagutzen dituen Mikel Irizar izango da epailea, Eneko Barberena, arrasatearra, defentsako abokatua, eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolari bergararra fiskala. Asto bat ere aterako dute oholtzara... eta azkenean, herriak emango du epaia. Herri epaile horien artean izango da, Josu Zabala, Hertzainak taldeko partaidea ere.
Iñaki Urruzolak azaldu digunez, garbigailu eta hozkailu bat epaituko dira, baina horrekin Arrasateren zenbait ezaugarri jarriko dira auzian, kooperatibak, Astore, Ternua, janzkera, punkyak, euskalgintza, Caja Laboral, Lagun Aro… “Bergarak epaitzen du Arrasateko herria. Zergatik? Bergarak ere badaukalako esangura berezia. Historikoki, herri inportantea izan da bailaran eta Euskal Herrian. XIX. mendean eta aurretik ere bai. XX. mendean tokatu zaio Arrasateri. Baina, lehen garbigailuak Bergaran egin ziren; ehungintza sektoreak inportantzia handia izan du; emakumeak lantegietan jarduten zuten; Errege Seminarioa; lehen Injinerutza eskola… Bergararra ez da edozein, edo, behintzat, hala uste du”.
Norbere buruari barre
Bagara Kultur sorguneak bultzatu du proiektua Urruzolak proposatu ondoren. “Lasarten joan zen mende hasieran egiten zen eta, gerra ostetik, urtero-urtero egiten da. Bagarakoei planteatu nien, gustatu zitzaien ideia eta aurrera egin genuen. Herria prest egon behar da bere buruaz barre egiteko, baita antzezten dutenak ere”. Ondo ateratzen bada datorren urtean beste herri batean egingo dute.
Gidoia egiterakoan oso zehatz jardun direla esan du Urruzolak. “Ondo lantzen saiatu gara. Alde horretatik, ez da alua. Dokumentatzeko, hainbat iturri erabili ditut, baina garrantzitsuak izan dira hemen inguruko jendearekin izan ditudan solasaldiak. Eskatu nien akusazioak egitea euren buruari, euren inguru hurbilari, familiari, herriari, ondoko herriari… Materiala izan dut. Eta baita proiektuarekin aurrera egiteko borondatea izan duen jendea ere”. Hizkuntza ezberdinak erabiltzen dira, baina %95ean euskaraz egingo da eta bertako euskalkiak errespetatuz.