Gabonetako antzezlan hunkigarria ostiralean

Txintxarri 2011ko abenduaren 13a

Lan eta Lan elkarteko kideek Thorton Wilderen "La larga cena de Navidad" gabonetako antzezlan klasikoa taularatuko dute ostiralean 20:00etan Manuel Lekuona Kultur etxean.

Lan eta Lan Beti Lan elkarteko kideek azken urtetako ohiturari jarraiki, lan berri bat antzeztuko dute ostiralean 20:00etan Manuel Lekuona Kultur etxean. Kasu honetan "La larga cena de Navidad" lana aurkeztuko dute, "Gabonetako giroan murgiltzeko antzezlan komiko eta hunkigarria" Ana Miranda zuzendariaren hitzetan.

Herriko Helduentzako Eskolan jaio zen antzerki taldea 1999.urtean eta geroztik, urtero hutsik egin gabe hainbat antzezlan taularatu dituzte. Ostiralekoan Bollardo familiaren azken 90 urtetako gabon gauak izango dituzte abiapuntu. "Denboraren iraganaz hitz egiten du antzezlanak. Familiaren baitan heriotzek eta jaiotzek duten eraginaz eta galera hauek denborarekin nola onartzen diren." Publiko guztientzako lana da eta nahiz eta bereziki hunkigarria iruditu, komikoa ere badela azaltzen du Mirandak.

Saioa 20:00etan hasiko da eta sarrerak 2 eurotan jarriko dira salgai.