Urtero bezala, Lasarte-Oriako parrokiak, Martutenen preso daudenentzako gauzak jasoko ditu abenduaren 14an, 15ean eta 16an parrokiaren Okendoko etxe zaharrean.
Presoei ondo datozkien zerrenda bat kaleratu dute eta bertan dira, besteak beste, barruko arropa berriak eta galtzerdiak, telefono txartelak (txipik gabekoak, 5eurokoak), tabako gorria, metxeroak, hortzak garbitzeko eskuila eta pasta, txanpua eta gela, pila, kartazal eta zigiluak, turroi biguna, txankletak eta kirol oinetakoak. Hauek jasoko dituzte aipatutako egunetan parrokian.
Eguberria espetxean
Bestalde, Gipuzkoako apaizek "Eguberria Espetxean 2011" izenburua duen idatzia irakurriko dute mezetan. Elizbarrutiko Espetxe Pastoraltzaren oharrean "presoek jasan behar duten lotsa eta mina" gogoratzen da; hauek bergizarteratzeko kode penala eta zigorra baino bide hoberik badagoela esaten da; "erraza ez izan arren, zerbait aldatu beharra dagoela" uste du elizbarrutiak.
Zigorrarena baino maitasunaren bidea proposatzen du eta beraz, Elizbarrutiko Espetxe partoraltzak pastoral urterako goiburu: "Bergizarteratzea: erkidego osoaren zeregina" hartu du.
Martutenera bisita
Pastoraltzak material bilketa ere aipatzen du oharrean: "hurbil dugu Eguberria eta, urtero bezala, Jainkoaren maitasuna eta baita gurea ere agertu nahi diegu Martutene eta beste presondegietan aurkitzen diren guztiei. Eguberri bezperan joango gara Martutenera zuek maitasunez ekarritako erregaliak eramatera eta denon artean banatzera. Benetan poztuko dira, poztu eta eskertu. Eskerrik asko". •