Finaleko partida zaila izango da herritarrentzat. Lehengo fasean izan zuten norgehiagokan Zazpi Iturriko bikoteak, J. Altuna eta J. Muruak 22 eta 7 irabazi baizuen.
Gainera, "denbora gehiago izan dute partida prestatzeko," adierazi digu Solano entrenatzaileak.
Izan ere, azaroaren 25an, Zapi Iturrik zuzenean lortu zuen sailkapena lehenengo faseko irabazlea izateagatik.
Herriko bikoteak aldiz, duela bi aste lortu zuten finalerako txartela, Michelingo pilotalekuan jokatu zen partidan. Honetan 22 eta 13 gailendu ziren Aurrera Saiazeko J. Chiapuso eta A. Erauskini.
II kadetea hirugarren
Bestalde, II. mailako kadeteek ere finalerdia jokatu zuten larunbatean.
Halabaina, Xabi Rekondo eta Aritz Solanok osatutako bikoteak 14 eta 22 galdu zuen Zaldibiko Gailurrerantz elkarteko A. Elizegi eta A. Oriaren aurka eta finaletatik kanpo geratu zen.
Joxe Felix Solanok azaldu zuenez, "Bikote aldaketa bat izan genuen, Xabi Prietok ezin izan zuen jokatu eta Xabi Rekondok hartu zuen bere lekua. Ahal zutena egin zuten".
Hala ere, partidan lortutako tantoekin bere mailako hirugarren postua lortu dutela ere, aipatu du Intzako entrenatzaileak.
Loidi-Barrenen ere finalak
Era berean, Txintxarriko aurreko zenbakian aurreratzen genuen bezala, larunbatean Gurpil Aulkiko Gomazko Paletako Txapelketa finala izango da Loidi-Barrengo pilotalekuan. Baina ordutegi aldaketa izango da, finala 10:00etatik aurrera jokatuko baita.
Honetan hiru bikotek Urko eta Patxi Fadrique herritarrak, Beñat eta Andoni eta Edurne eta Edortak haien arteko ligaxka jokatuko dute.
Partida hauetan lortutako emaitzen arabera jakingo da zein den lehengo txapelketa honetako irabazlea.
Honen ostean, 11:30ean, Gipuzkoako Ezker hormako III. mailako gomazko paletako finala, Atxurbide-Lagunak ikusi ahalko dute pilotalekura hurbiltzen diren herritarrek.
Buruntzaldea IKT
Kirolez aldatuz, Buruntzaldea IKT-k Gipuzkoako Kluben Kopan parte hartu zuen abenduaren 3 eta 4ko asteburuan.
Taldeko mutil eta neskek lan ona egin zuten eta guztiek markak hobetzen jarraitu zuten eta Kluben sailkapen orokorreko bosgarren postua eskuratu zuten.
Mutilen mailan, sailkapeneko laugarren postua eskuratu zuten. Borja Apeztegia entrenatzailearen esanetan, “ezin izan dute aurreko urteko hirugarren postua berretsi. Hala ere, aurreko urtean baino puntuazio altuagoa izan dute”.
Neskak, aldiz, zortzigarren postuarekin konformatu behar izan ziren, “kopurua ez baita proba guztiak ondo betetzeko iristen,” azaldu zuen Buruntzaldea ITk-ko entrenatzaileak. •