Udalbatzarrean Hirigintzako batzorde buruak, Nerea Sanchezek azaldu zuenez, Udaletxe berria eraikitzean sortu ziren arazo eta aldaketek ordaindu behar dizkio Udalak enpresa eraikitzaileari.
Honen ondorioz, kontratuaren aldaketa onartu behar da, nahiz eta "informazio hau guztia, azken momentuan jakin dugun". Izan ere, Nereak onartu zuenaren arabera, "bestela, ez digute Udaletxe berria emango eta ezingo da erabili".
Aldaketa onartu zen EAJren abstentzioarekin, euren ustez, "ezin delako ordaindu gabe utzi. Baina obra hauei buruz eman den informazioa ez da egokia izan. 600.000 euro ordaindu behar direla, orain jakin dugu".
Lokalen erabilera aldaketa
Bestalde, PSE-EEk lokalen erabilera aldaketari buruzko araudia berritzeko mozioa aurkeztu zuen, hauek etxebizitza bilakatzeko. Baina ez zen onartua izan.
Nerea Sanchezek azaldu zuenez, lehenengo aurreko legealdian eskainitako lizentziak aztertu eta esperientzi horren hausnarketa egin behar da. Eta gai hori Hirigintza batzordean erabaki behar den gauza zela azpimarratu zuen.
Azalpenak
Era berean, Bilduko Tasio Arrizabalagak eta LOHP Ana Isabel Prietok PSE-EEk hainbat komunikabideetan argitara emandako informazioari buruzko kritika egin zuten.
Tasiok Kale kultur ekimenari buruz aritu zen. Kultur-etxeko kafetegian egiten diren kontzertu eta ekitaldiek azken hilabeteetan beherakada handia izan dutela jakin arazi zuen eta horregatik, ekimenari planteamendu berri bat ematea pentsatu zutela, kultura kalera atera eta herritarrei gerturatu.
Honetaz gain, azken aldian, kontzertuetan taberna kudeatzeak gastuak bakarrik sortzen zituela eta inork kudeatu nahi ez zuela aipatu zuen.
Bestalde, LOHP plataformako Ana Isabel Prietok Udalbatzarrean herritarrak parte hartu ahal izateaz poztu zen eta PSE-k Zerbitzu Publikoei buruz egindako kritikei erantzun zien.
Batetik, lurazpiko edukiontziek zaborra ezkutatu dutela eta hauen mekanismoak arazo asko sortzen dituela azaldu zuen. Datuak eskaini zituen eta matxuretako faktura 23.000 eurotara iristen dela azpimarratu zuen.
Bestalde, Isla Plazan jarri duten parkea legealdi honetan erositakoa dela jakin arazi zuen eta hori berresteko, alkatetzako dekretua eta parkearen faktura aurkeztu zituen.
Galderak
Azkenik, PSE-EEk jangela, hiribusa eta aurrekontuei buruzko egoerari buruz galdetu zuen.
Jangelari dagokionez, Hezkuntzako batzorde buruak, Boris Nogalesek aipatu zuenez, Lakuara joan eta Landaberri eta Garaikoetxean bertan jangelak jartzeko eta bertan janaria egiteko eskatu zioten Udal ordezkariek. Baina hori ezinezkoa zela eta beste proposamen bat egin zien Hezkuntzak: jangela Michelinen mantendu, janaria katering-ekoa izatea eta garraioa ziurtatzea.
Ondorioz, gurasoekin bilerak egiten jarraitu behar dute hurrengoan, proposamen zehatzagoa aurkezteko.
Estitxu Alkortak Ogasuneko batzorde buruak, berriz aurrekontuen zirriborroa egina dagoela eta aurten aurkezten saiatuko direla azaldu zuen. Era berean, talde politikoen ekarpenentzako epe bat irekiko dela aipatu zuen eta aurrekontu errealak eta koadratuak izateko arazo handiak izan dituztela azpimarratu zuen.
Zerbitzu Publikoetako buruak, Ana Prietok hiribusaren egoera azaldu zuen.
“Irregularitateak egon dira jardueran eta esperientzia pilotoko dirua orain ordaindu behar izan zaio TSST-ri” aipatu zuen eta jarraian “aurtengo egoera pirata saihesteko hitzarmena sinatuko da”.
Honetaz gain, aurrerantzean, zerbitzua nola izan behar den finkatu behar dela eta zerbitzua konpainia desberdinei irekiko zaiela jakin arazi zuen.
Batzarra amaitu baino lehen, alkateak langileen komisioko idatzia irakurri zuen.
Honen bitartez, maiatzaren 5 eta 9aren bitartean udaltzainek jarri zituzten isunen azalpena eskaini zuten.
Langileen arabera, alkate ohiak ordenantza jarraitu ezean espedienteak irekiko zituela mehatxatu zituen eta horren ondorioz, haien lana egin eta isunak jarri ez ezik, tabernen itxiera ordutegia gainbegiratu zuten eta beste hainbat eginkizun bete zituzten.
Gauzak honela, Zaballos jaunari esandakoaren zuzenketa eskatu diote.