Bitariko arima. Hori omen du Erresuma Batuak. Hala dio Osakidetzako burmuin-aditu batek. Azalpen nahasi eta sakonen atzean, laburbilduz, uharteetako biztanleek, oraingoek eta lehengoek ere berdin, ez omen dute garbi eduki eta gaur egun ere zalantza batean bizi omen dira: europar gara ala geure gisako gara?
Geografiak hala nahita, uhartetasunak berak eransten du halako berezkotasun bat. Errazago ulertzeko: ezinezkoa litzateke Mr Bean beste inon sortzea. Harrotasuna ere bai, aparteko, berezi, ezberdin izateagatik, edo halako sentitzeagatik behintzat.
Eta horrek guztiak, eragina izan du egunotan Bruselan gertatu denarekin. David Cameron lehen ministroak europatik kanpo kokatu du ia ia Londres. Kontinenteko lurraldeek batean ikusi dute denek krisitik irtetzeko bidea zein izan daitekeen. 27 herrialde dira batasunean, eta kasualitatea noski, Erresuma Batua izan da akordio horretatik kanpo geratu den bakarra.
Nola gainera: euroari bere garaian muzin egin izana azpimarratuz eta hura bete betean asmatzea izan zela gogoratuz, eta Bruselako legeetara ez direla sekula makurtuko ozen azalduz. Bada, London City erresuma batuko hiriburuan, beste City bat, zonalde ekonomikoa, munduko negozio eta jardun askoren erdigune, kontrolgune, nolabaiteko Houston ekonomiko bat.
Hura babestu nahi izan dute britainiarrek, eta hori bai, garbi utziz europar izaten jarraitu nahi dutela, horrek ere bateko eta besteko onurak ekartzen dizkielako. Hori lotsarik gabe esaten duenak, garbi dago bi arima dituela, baina biak ere mesedeko zaizkiola.