16_Sorgin Jaien inguruko hausnarketa

jon-altuna-iza 2011ko abe. 16a, 01:00
Sorgin Jaien lehenari eta etorkizunari buruzko hausnarketa burutuko da urtarrilean hasi eta otsailera bitartean. Ostiral arratsaldetan jarri da eztabaiden hitzordua, urtarrilaren 13 eta 27an eta otsailaren 3an, Kultur Etxeko 3. solairuan, gazteen eta ikasleen presentzia ziurtatu nahi dutelako. Beste bi astetan hausnarketaren ondorioak finkatu eta kaleratuko dituzte. Momentuz, eztabaidaren bultzatzaileek, Sorgin Jaiei buruz prestatu duten txosten mardula zabaltzen ari dira gazteei, ikasleei, jaien antolaketan aritu direnei, herri mugimendu taldeetako partaideei eta parte hartu nahi duen edonori.
Sorgin jaiak antolatzen dituen batzordeak eztabaida sakona ireki du “ea beharrezkoak ote garen galdetzetik hasita aurrera begira, datozen urteetako ildoak eta zein helbururekin lan egingo den finkatzeko”. Abiapuntu honek argi erakusten du martxan jarri den eztabaidaren sakontasun eta garrantzia.
2001ean sortu ziren Sorgin Jaiak Udalak txosnak debekatu zituenean. Ordutik gauzak asko aldatu dira, “bai Sorgin Jaien barruan, bai gizartean oro har”, eta txostenean esaten denez, gaur egun "ez dira bi hilabetetan antola daitezkeen jaiak. 25.000 eurotik gorako aurrekontua, muntaia handia eta egitarau oso zabala dute, herriaren parte hartze handikoak dira eta honek guztiak lan eskerga eskatzen du".
Hausnarketaren bultzatzaileek adierazi dutenez, antolatzaileen artean beti egon dira eztabaidak, hain juxtu jaiak antolatzen ari zirenean eta eztabaidarako denborarik ez zegoenean, beraz erabakiak momentuan bertan, presaka eta sakon hausnartu gabe hartu dira bertan zeudenen artean. Horregatik erabaki dute hausnarketa egitea eta etorkizuneko bidea ondo zehaztea.

Hamar urte lanean

Eztabaidaren oinarri izango den txostenean hamar urte hauetako ibilbidea, eztabaida, helburu eta Udalarekin izandako hartu-emana laburtzen dira batetik, eta aurrera begira, antolaketari aurre egiteko eztabaida "sakon" baten behar "argi eta garbia" aipatzen da: "Norabiderik gabeko bela-ontzi bilakatzeko arriskuan dago Sorgin Jaiak. Horretarako dator eztabaida prozesu hau".
Eztabaidaren bultzatzaileen ustez, "lehen debekutik hamar urte igaro ostean, beste egoera baten aurrean kokatzen gara, herriaren babesa nabarmen hazi da. Orduko gazteek gaurko gazteei leku egin die, ideia berriak hartu eta zaharrak baztertu dira, txapelketa, joko, saio eta bestelako hamarnaka kontu probatu dira. Baina aurrera begira, helburu eta erronka berriak markatzeko garaia heldu da".
Herritar guztiak gonbidatu dituzte hausnarketara: "ongi etorri eztabaidara, goazen aste hauetan zehaztera datorren urteetan nolako jaiak nahi ote ditugun. Besterik gabe eztabaida hastera doa eta ahalik eta zabalena izatea lortu behar dugu".
Bultzatzaileek adierazi dutenez bileretan gaiaren mamira jotzeko egun bakoitzean arlo bat jorratuko da eta eztabaiden denbora neurtua izango da: Horrela 13an antolaketa bera aztertuko da, 27an Sorgin Jaien helburu eta herri mugimenduaren papera eta otsailaren 3an Udalarekin hartu-emanik izan behar den eta baldin bada nolakoa izan behar duen.

Eztabaida zabala

Sorgin jaien izatea bera ere eztabaidan jarri dute, jaiak beharrezkoak ote diren, "zergatik eta zertarako?" eta besteak beste antolakuntza, herri mugimendu eta ekimenekin lotura, udalarekiko harremanak, gunearen kokapena, herriko eragileen parte hartzea edota sostengu ekonomikoa proposatu dituzte eztabaidarako.
Proposamen konkretu batzuek egiten dira txostenean, esaterako koadrilek antolakuntzan parte hartzea edota hartu beharreko erabakiak zehazten dira: legearen eremutik kanpo segituko duen Sorgin Jaiak ala erregistratu egingo den, orain arte bezala Udaletik dirurik jaso gabe segituko duen ala Udalarekin zein hartu-eman eredu izango duen, besteak beste.