16_Asteburu Multimusikala

maider-azurmendi 2011ko abenduaren 16a

Okendo plazak hartuko du asteburuan zehar besteak beste kontzertuak jasoko dituen karpa handia. Bertan bazkaldu eta afaltzeko aukera izango da baita aipatu bezala, zenbait kontzertu entzuteko parada ere. Karpan iluntzeko 20:00etan jaialdiaren aurkezpen ekitaldia izango da gaur. Bertan Iñaki, Lurra eta Dakara tabernek emandako pintxoekin, pintxo potea egingo da, Amaia Agirreren bertsoak eta Txalaparta doinuak lagun.

Okendo plazan jarriko den kanpan lehen kontzertuak 22:00etatik aurrera hasiko dira, hain juxtu gaur, Oi Salimos, 40 de fiebre, Bartzelonako La Kinky Beat eta Rude Kanka Sound System taldeek joko dute.
Honetan sartzeko bost euroko bono-laguntza sarrera ordaindu beharko dute langileek eta langabetuei borondatea eskatuko zaie.

Sarrera eta autogestioa

Kolektiboaren helburua autogestioaren ardatzari eustea izan da eta aurtengoan ez du koadriletako bono-laguntzarik atera baina bai aipatutako bost euroko sarrera. Honakoa karpako gaurko kontzertuetara sartzeko soilik izango da baliogarria, izan ere, biharko kontzertu guztiak doakoak izatea erabaki du antolakuntzak.
Larunbatean, eguerdian hasiko dira kontzertuak Arri Jeffe-ren musikarekin eta Famili Mbolo perkusio jole senegaldarraren eskutik.
Hauekin batera graffiti erakustaldia izango da karpan eta Udaletxe berriaren atzean Break Dance eta Rap erakustaldiak egingo dira. Gainera Askatasunaren plazan aurreikusita zegoen murala eguraldi txarra egingo balu, Institutuko zubian burutuko dute Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsitako hogei artistek.

Giroa kalean

Herriko kaleetan zehar Iruñeatik etorritako Muthiko Alaiak peñaren txaranga eta Zozongo batukada ibiliko dira giroa alaitzen.
Gainera, 13:00etatik aurrera kontzertu ezberdinak izango dira Artizar, Jalgi, Abend, Ilargi, Mauren tabernan eta Trumoi ondoko auto garbitegian.
Antolatzaileek herritarrak festarako animatzen ditu eta irekiera ekitaldira ere gerturatzeko gonbitea luzatzen dute. Horrela izanda, musika eta jai giroak hartuko du Lasarte-Oria gaurtik hasi eta igandera bitartean. Karpan ostiralean festa giroa goizeko 4:00ak arte luzatzea espero da eta larunbatean berriz, 5:00ak bitartean.

Herri bazkariak

Larunbat eguerdian, rap taldeen eta Iban Nikolairen saioen ostean herri bazkaria izango da herrian ezagunak diren Juantxo, Lasa eta koadrilaren eskutik.
Bertarako tiketak Trumoi eta Ilargi tabernetan daude salgai baina antolakuntzatik 150 lagunentzat tokia izango dela gogoratzen dute, beraz hauek erosteko azkar ibiltzeko gomendioa egin da. Igandeko bazkarirako tiketak berriz, Artizar eta Jalgin eskuratu beharko dira eta kasu honetan ere 150 lagunentzako lekua egongo da.
Multimusikala 0 rekin antolatzaileek ziklo bat itxi nahi dute, duela hamar urte hasitako zikloa.
Maiatzean Multimusikala 10 izenarekin jaialdiaren urteurrena behar bezala ospatu nahi dute antolatzaileek punta puntako musika talde eta ekintzekin. Honetarako lanean hasiak dira eta besteak beste, jaialdia espazio handiago batean antolatzea pentsatzen ari dira