Nordia L. Perez nikaraguarrak bere kultura eta gurea uztartzen dituen liburua "Irene" aurkeztu du gaur, Manuel Lekuona kultur-etxeko hitzaldi aretoan. Izan ere, egileak azaldu duen bezala, "Nikaraguatik ateratzean nik ez nekien ezer hemengo kulturari buruz eta nire herritarrek ezagutzea gustatuko litzaidake. Gainera, turistikoa ere badela esan daiteke, euskal herriko hainbat herri deskribatzen ditudalako".
Hala ere, "Irene" liburuak badu errealitatearekin zer ikusia. Nikaraguan gertatutako pasadizo batean oinarritu da liburuari hasiera emateko. "Irene gazteak bere familiari buruhauste asko ematen dizkio eta gertaera batzuen ostean, bere bizitza guztiz aldatzen da. Gertaera horiek oso ezagunak izan ziren gure herrian eta bertan jazotakoa azaltzen dut".
Baina liburuaz hitz egiteaz gain, bere bizipenetaz ere mintzo da Nordia eta Lasarte-Orian bizi eta Txartel hotelean lanean egon zela aipatu du. Eskerrak eman dizkio momentu horietan lagundu zion Concha monjari. Eta era berean, pozik agertu da, bere herritarren komunitate handia duen herri honetan liburua aurkezteagatik.