Taldeak aditzera eman zuenez, “sakabanatuta dauden preso herritarrak bisitatzen, onartuta gauzkaten espetxeetako bisita-zerrenda mugatuetan ibili gara bixitan, idazten, ingurukoaren berri azaltzen, partekatzen, euren senideekin harremanetan, honela joan zaigu urte hau ere”.
“Sakabanaketak eta neurri bereziak bere horretan diraute. PLTko kideok euskal preso politikoen egoera honi amaiera emango dion neurriak jarri behar direla berehala martxan uste dugu,” adierazi zuten.
Olerki irakurketa
Baina ez dute etsi eta horregatik, presoen ahotsa herrira ekarriko dute. Horretarako, aurten ere, “Harresi guztien gainetik, sarraila guztien azpitik” emanaldia prestatu dute abenduaren 30, ostiralean 19:00etan Manuel Lekuona kultur- etxean.
Emanaldirako Ina Orotegik, Kepa Rezabal Txurdik, Ibon Fernandez Iradik, Aitzol Irigoienek eta Iurgi bilbotarrak idatzi dute. Testuak, olerkiak... “haiek ere badutelako zer esanik”.
Taldeak azaldu zuenez, “aurten ere erraza izan da eurei ahotsa jartzeko lagunak biltzea”.
Tapiaren kontzertua
Era berean, aurten erdigunean abenduaren 26tik urtarrilaren 7ra bitartean ateak zabalik izango dituen elkargune bat egongo da, Okendo Plazan.
Honetan presoen eskulan erakusketa izango da bi asteetan zehar. Presoen Lagunek taldeak adierazi zuenez, “espetxe askotan debekatua badute ere, zenbaitek izan du eskulanak egiteko aukerarik, horiekin eskulan erakusketa prestatu dugu aurten”.
Honetaz gain, ekimen ugari egingo da lokalean, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara.
“Herriko esparru ugaritan ezagun diren herritarrak atxiki zaizkigu” eta azpimarragarria da, Joseba Tapia musikariak “Eta Tira eta tunba” diskako doinuak joko dituela Manuel Lekuona kultur-etxean, urtarrilaren 6an arratsaldeko 19:30ean. Horregatik, taldeak eskerrak eman zizkion aurkezpenean.
Era berean, hau guztia antolatzeko dirua behar dela eta, lokalean 5 eta 10 eurotako bonolaguntzak egongo direla jakin arazi zuten.
EGITARAUA
Abenduaren 26 astelehena
18:00etan, Bea Egizabal ipuin kontalaria, lokalean.
Abenduaren 27 asteartea
18:30an, Zigor Lanpre DJ-ak saio didaktikoa eta musika jartzea, lokalean.
Abenduaren 28 asteazkena
18:00etan, Porrotx, lokalean.
Abenduaren 29 osteguna
19:00etan, Bertso saioa, lokalean.
Abenduaren 30 ostirala
19:00etan, Olerki emanaldia, Kultur-Etxean. Ondoren, pintxo-luntxa, lokalean.
Abenduaren 31 larunbata
19:00etan, Euskal Presoak Etxera manifestazioa, Okendotik.
Urtarrilaren 2 astelehena
19:00etan, Ataramiñe kultur elkartea eta argitaletxearen aurtengo argitalpenen aurkezpena, lokalean
Urtarrilaren 3 asteartea
19:00etan, Poesia emanaldia, Ramon Agirrerekin, besteak beste, lokalean.
Urtarrilaren 4 asteazkena
19:00etan, Torturaren Aurkako Taldearen bideoaren aurkezpena, lokalean.
Urtarrilaren 5 osteguna
18:00etan, presoen eskulan erakusketa, lokalean.
Urtarrilaren 6 ostirala
19:30ean, Joseba Tapiaren kontzertua, “Eta tira eta tunba”, Kultur-Etxeko aretoan.
Urtarrilaren 7 larunbata
17:30ean, Manifestazioa Bilbon, Euskal preso politikoen defentsan. Kolosala izango da!