17_Patxi Fadrique, txapeldunorde, paletan

jon-altuna-egitegi 2011ko abenduaren 17a

Patxi Fadrique herriko pilotariak lan txukuna egin du lehen aldiz antolatu den Gurpil Aulkiko Gomazko Paletako Gipuzkoako Txapelketan, bigarren postua eskuratu baitzuen larunbat goizean Loiolako pilotalekuan jokatu zen finalean. Norgehiagokak Loidi-Barrengo pilotalekuan jokatu behar bazituzten ere, azken orduan Donostiara eraman behar izan zituzten Lasarte-Oriako Udal Kirol teknikariekin izan zen konponezin bat tarteko.

Urria amaieran ekin zioten txapelketari aurtengoan lehenengoz parte hartu duten sei pilotariek. Gipuzkoako hainbat herri bisitatu ditu txapelketak, hala nola, Usurbil, Zegama eta Antzuolan jokatutako partidekin ligaxka antzeko bat prestatu zuten.
Hiru bikote osatu zituzten horrela, jardunaldi bakoitzean ezberdina izango zena eta horregatik, herri bakoitzean jokatutako partiduek puntuak ematen bazituzten ere, puntuak ez ziren bikotekidearentzat izango, norberarentzat baizik.
Horren helburu nagusia, finalari begira, ahalik eta bikote parekatuenak osatzea zen. “Onenek” “txarrenekin” bikotean joka zezaten.
Patxi Fadrique herritarrak atzelari postuan jokatzen dutenen artean ligaxkan azken postua lortu zuenez, Urko Peña aurrelari onena izan du bikotekide finalean.

Finaleko partidak

Lehen partidua zen garrantzitsuena Fadrique eta Peñarentzat, Usurbilgo Beñat Lizaso eta Andoni Aizpeolea bikote usurbildarra garaitzea ia beharrezko baitzuten txapela janzteko itxaropenik mantendu nahi bazuten. Eta halaxe izan zen, 25 eta 16ko emaitzarekin irabazi zuen partidua Fadrique-Peña bikoteak.
Hala ere, bigarren partidua ezin izan dute irabazi, Edurne Unamuno eta Edorta de Anta bikote gogorrak garaitu egin baititu 25-9ko emaitzarekin.
Horrenbestez, partida bat galduta eta bestea irabazita, bigarren postuarekin geratu behar izan du Patxi Fadrique pilotari herritarrak.

Sari banaketa

Behin txapelketa amaituta, sari banaketa egin zuten frontoian bertan. Bertan izan ziren Mikel Izagirre, Gipuzkoako Kirol Egokituko lehendakaria eta Iñaki Peluaga Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko lehiaketa arduraduna. Finalak izan zuen garrantziaren erakusgarri izan zen hori.
Lehen postua eskuratu zuen bikotea Edurne Unamuno eta Edorta de Antak osatutakoa izan zen, nagusitasunez irabazi zituzten finaleko bi partiduak.

Lekualdaketa

Finala berez Loidibarrengo pilotalekuan jokatu behar bazen ere, azken unean eraman zuten Donostiara, Lasarte-Oriako kirol zerbitzuarekin konponezin bat tarteko.