Gipuzkoa Zero Zaborren poza

Txintxarri 2011ko abenduaren 19a

GZZak bere poza azaldu nahi du hondakinen gaiarekin loturik berriki izandako hainbat gertaeren inguruan. Txalogarria da oso, 38 udaletako alkate eta San Marko mankomunitateko lehendakariak Zero Zabor bidean jartzeko hartutako konpromezua. Horrekin loturik, GZZk ordezkaria daukan GHK-ren administrazio kontseiluak, errauste plantaren eraikuntza proiektua sei hilabetez eteteko eta gaia aztertzeko egindako proposamena ere zoriontzekoa iruditzen zaigu. Lehendik ere hondakinen arazoari errausketa bezalako sasi irtenbide toxikoa ematea zalantzazkoa bazen, orain are eta garbiago dago horrek suposatuko lukeen zentzugabekeria.
Epe hau, hausnartu, informatu eta erabakiak hartzeko aldarrikatu izan dugun moratoria bezala ulertzen dugu. Herritarren ongizatea lehenetsi, eta ingurumen osasungarri batean bizitzeko eskubidea bermatuko duten erabakiak erdiesteko garaia da. Datuak eta informazioa dira Zero Zabor norabidea babesten dugunon argudiorik sendoena, eta beraz, zentzunezko bidea nagusituko denaren ziurtasun osoa daukagu.
Hondakinen gaian denok gara arazoaren parte eta denok izan behar dugu irtenbidearen parte. Beraz, gaia despolitizatu eta adostasuna bilatzeko probestu beharko genuke denbora hau.
Astelehenetik, abenduaren 12tik, hona asko da aurreratu duguna. Gogoratu besterik ez dago urriaren 13an jardunean zegoen GHK-ko administrazio kontseiluak egindako ezohiko bilera gatazkatsu hura. Dena erabakita utzi nahi zuten, berraztertzeko aukerarik eman gabe. Azken erabakiek zulo ilun horretatik atera eta argia ikusteko aukera eman digute. Gaur esan dezakegu, Zero Zabor proiektua Gipuzkoan gauzatzea gertuago dagoela helburua lortzetik, ez lortzetik baino. Egoera itxaropentsu honetan, lan asko egin beharko dugula jakitun gara, baina gustoko lekuan aldaparik ez.
Azken egunotako erabaki hauekin aukera bat ireki da. Aukerak baliatu ala alferrik galtzen utzi daitezke. Momenturik zailenetan eta etsigarrienetan gizarte mugimenduek aurrera egiteko gaitasuna izan dugulako heldu gara askok lortu ezinezko amets bezala ikusten zuten egoera honetara. Gaur, hedabideen aurrean azaltzeko, martxoaren 20an milaka herritarrek bete, eta denok batera, "Hartu nahi dut arnas" dantzatu genuen errebote plaza aukeratu dugu. Ahalegina eta uzta, lana eta saria, batu nahi izan ditugu horrela. Enpresa eta lobby handien interesen arabera egindako makroproiektuak geratu, eta herritarren interesak ardatz izango dituztenak martxan jarri daitezkeela erakusten digu lortutakoak. Berriz ere, ezina ekinez egiten dela ikusi ahal izan dugu.
Asteleheneko erabakiak guztion onurarako izango dira eta abiatzen den ibilbide berri honetan bidelagun izango zaituztegula ziur gaude. Zorionak Gipuzkoar guztioi!

Gipuzkoa Zero Zabor