Gabon argietan aurreztu egingo du Udalak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko abenduaren 19a

Gabonetako argi gutxiago izango da herriko kaleetan. Udal gobernu berriak aspaldi azaldu zuen herriak egun bizi duen egoera ekonomiko zaila eta dirua aurrezten segitzen du. Soilik herriko hiru puntutan jarriko ditu gabon argiak eta 6.000 euroko gastua egingo du, Ana Isabel Prieto Zerbitzuetako arduradunak azaldu digunez, aurreko urtetik onartuta zegoen diru-saila erabiliz. Garai bateko 80.000 euroak urrun geratzen dira, beraz. Bestela Gabonetako egitaraua aurreko urtekoen antzekoa da.

Udalak gabonetako argi eta apaingarriak herriko hiru tokitan soilik jartzea erabaki du ez zeukalako horretara bideratzeko dirurik eta aurrez horretarako onartuta zeuden 6.000 euro erabili ditu, Ana Isabel Prieto Plataformako zinegotziak jakinarazi digunez, aurreko urteetan baino askoz gutxiago.
Udaletxearen fatxadan, Brigidatan jarri ohi den jaiotzaren baitan eta zaharren egoitzan jarriko dira apaingarriak, eta kontsumoa ere neurtuko da: Santo Tomas egunean piztuko dira eta Errege eguna bitartean izango dira martxan. Ana Isabel Prietoren hitzetan, Lasarte-Oriako udalak 80.000 euro inguru bideratu ohi zuen Gabonetako argien alokairurako, "kontsumoa eta bestelakoak gastuak kontutan izan gabe, dirutza gastatzen zen". Iaz udalak jaitsi egin zuen gastua, baina hala ere 24.000 euro bideratu ziren argiak jartzeko eta aurten, "zerbait jartzeagatik", 6.000 euro.
"Neurria ziurrenik ez zaio herritar askori gustatuko. Jendeak atsegin ditu Gabonetako apaingarriak jai giroa irudikatzen dutelako baina ezinezkoa da gaur egun gehiago gastatzea" azpimarratu du Prietok.
Zenbait herritan Udalak merkatariei laguntza eskatu eta erdi bana ordaindu dute Gabonetako argien gastua baina "gure herriko komertzioei ekarpen hori eskatzea gehiegizkoa iruditu zaigu jakin badakigulako eurek ere krisia nabaritzen ari direla" dio Prietok zinegotziak. Udalak eskura duen dirua herritarrentzat oinarrizkoak diren zerbitzuetara bideratu duela azaldu du eta espero du herritarrek erabaki hau ulertu eta babestuko dutela.
Bestela, aurreko urteetako Gabonetako egitarauari eutsi dio Udalak. Gabonetako Haur Parkea, Santo Tomas eguna, Olentzerori ongi etorria eta Errege Magoen kabalkada antolatu ditu Gazteria, Festak eta Kirol sailak.

Eguberrietako haur parkea

EHP edo Eguberrietako Haur Parkea, abenduaren 22tik 31ra egongo da zabalik, biak barne, Michelingo frontoian, ibaiaren aldetik sartuta, goizeko 11.00-14.00 eta arratsaldeko 17.00-20.00 bitartean. Itxita egongo da abenduaren 24an arratsaldez, 25ean egun osoz eta 31 arratsaldez. Haurrek sarrera doan izango dute eta helduek euro bat ordainduko dute.
Egunero haurrentzako joko, ikuskizun eta jolasak antolatuko dira, ludiko zein didaktikoak, adinaren arabera gune ezberdinetan banatuta: Txikien gunean (0-6 urte), puzgarriak, ludoteka, irakurketa txokoa eta hainbat tailer egongo dira; Haurren gunean (7-12 urte) puzgarriak eta tailerrak; Familien gune zabala ere prestatuko da, besteak beste. ping pong, futbolin, billar, golf, zirku eskola, Wii eta jolas erraldoiekin. Txokolate jana, urte amaierako jaia, "virtual dancing"-a, eta Xistera magikoa magia ikuskizuna, Mugi Hadi haur dantzaldia eta Mugarik Gabeko Mundua antzezlana ere eskainiko dira.

Santo Tomas Eguna

Ttakun kultur elkarteak antolatuta, abenduaren 21ean Santo Tomas Egunak emango dio hasiera gabonetako egitarauari, eta baserritarrez janzteko deia luzatu dute antolatzaileek. Okendo Plazan, arratsaldeko 17.00etatik 20.30ak arte, giro bikaina izango da: batetik taloa eta txistorra, gaztainak eta sagardoa dastatzeko aukera eta bestetik hainbat ikuskizun, Amalur taldeko trikitilariak, bertsolariak, Kukuka antzerki eta dantza eskola, Erketz dantza taldearen eskutik dantza ikastaroa eta erromeria, baserritarren produktuak, txerria ikusgai, haurrek taloa egiten ikasteko tailerra,...

Olentzeroren etorrera

Ttakunen eskutik abenduaren 24an Olentzerori ongi etorria emango zaio Okendon. Arratsaldeko 17.00etan hasiko da ekitaldia Amarauneko panpinen eta Porrotx pailazoaren saioarekin, 17.45etik aurrera, Olentzerori harrera egingo zaio Amalurreko trikitilariekin batera eta 18.30etatik 20:30etara bitartean Olentzerok muxuak banatu eta eskutitzak jasoko ditu.
Amaraun ludotekak, Olentzeroren etorrera argitzeko kriseilu berezi batzuek egiteko gonbidapena luzatu du. Gainera abenduaren 22an 17:30etan txutxe tartak egingo dituzte Ludotekan. Parte hartu nahi dutenek, edota kriseiluak egiteko asmoa dutenek, www.ttakun.com webean, aisia@ttakun.com helbidean edota 943 37 14 48 telefono zenbakian dute informazio gehiago.

Erregeen kabalgata

Megaba elkarteak antolatuta urtarrilaren 5ean Errege Magoak herriko kaleetan ibiliko dira. Eguerdian, Erregeei gutuna bidaltzeko modua egongo da Okendon Erregeak Atsobakarko Zahar-Etxean bisitan eta opariak banatzen ari diren bitartean. Gero arratsaldeko 18.00etatik aurrera, herri osoa zeharkatuko dute erregeek Okendon amaitzeko.
Gabonetako egitarau zabalaren barruan badira beste ekitaldi batzuek: ostegunean 22an Musika Eskolaren Gabonetako kontzertua 19:00etan Kultur Etxean. Eskolan irakasten diren musika tresna guztiekin ipuin musikatua prestatu dute aurten, ikasle eta irakasleek. Bestalde, ostiralean 16:00etan hasita Skate festa (roller, musika, beat box,...) izango da Skate Parkean, 19:30etan Gospel kontzertua Brigidatan, 29an goizeko 10:00etan ur festa polikiroldegian eta 30ean 16:00etan gazteentzako denborapasak Okendon: Twister, futbito, herri kirolak, txapak eta tailerrak besteak beste.