Herriko kadete mailako pilotariek ezin izan dute Gipuzkoako txapela lortu. Ostiralean jokatu zuten finala Ikaztegietan, Zazpi Itturri pilota elkarteko Altuna eta Murua amezketarren aurka.
22 eta 9 amaitu zen partidua, eta Jose Felix Solano entrenatzaileak azaldu duenez, jaun eta jabe izan dira amezketarrak partidua hasi eta buka. “Erabateko nagusitasauna erakutsi dute, batez ere Altuna aurrelariak, min asko egin digu sake eta erremateen bidez eta guk berriz, ezin izan dugu geure mailarik onena eman”.
Pilotalekuari dagokionez, Lasarte-Oriako Loidi-Barren pilotalekuarekiko antzekotasun handia zuela adierazi du Solanok, hemengoak bezala, zementuzkoa baitu zorua Ikaztegietakoak.
Bestalde, mutilak txapela jantzi ezinaz pixka bat penatuta gelditu diren arren, lortutako bigarren postuak urte hasieran martxan jarriko den Euskal Herriko Txapelketarako txartela eman die.