Hiru bikote osatu zituzten horrela, jardunaldi bakoitzean ezberdina izango zena eta horregatik, herri bakoitzean jokatutako partiduek puntuak ematen bazituzten ere, puntuak ez ziren bikotekidearentzat izango, norberarentzat baizik.
Horren helburu nagusia, finalari begira, ahalik eta bikote parekatuenak osatzea zen. “Onenek” “txarrenekin” bikotean joka zezaten.
Patxi Fadrique herritarrak atzelari postuan jokatzen dutenen artean ligaxkan azken postua lortu zuenez, Urko Peña aurrelari onena izan du bikotekide finalean.
Finaleko partidak
Lehen partidua zen garrantzitsuena Fadrique eta Peñarentzat, Usurbilgo Beñat Lizaso eta Andoni Aizpeolea bikote usurbildarra garaitzea ia beharrezko baitzuten txapela janzteko itxaropenik mantendu nahi bazuten. Eta halaxe izan zen, 25 eta 16ko emaitzarekin irabazi zuen partidua Fadrique-Peña bikoteak.
Hala ere, bigarren partidua ezin izan dute irabazi, Edurne Unamuno eta Edorta de Anta bikote gogorrak garaitu egin baititu 25-9ko emaitzarekin.
Horrenbestez, partida bat galduta eta bestea irabazita, bigarren postuarekin geratu behar izan du Patxi Fadrique pilotari herritarrak.
Sari banaketa
Behin txapelketa amaituta, sari banaketa egin zuten frontoian bertan. Bertan izan ziren Mikel Izagirre, Gipuzkoako Kirol Egokituko lehendakaria eta Iñaki Peluaga Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko lehiaketa arduraduna. Finalak izan zuen garrantziaren erakusgarri izan zen hori.
Lehen postua eskuratu zuen bikotea Edurne Unamuno eta Edorta de Antak osatutakoa izan zen, nagusitasunez irabazi zituzten finaleko bi partiduak.
Lekualdaketa
Finala berez Loidibarrengo pilotalekuan jokatu behar bazen ere, azken unean eraman zuten Donostiara, Lasarte-Oriako kirol zerbitzuarekin konponezin bat tarteko.