Asteburu multimusikala

Txintxarri 2011ko abenduaren 19a

Haizea zakartu egin zen astebukaeran. Euriak mela-mela eginda utzi zuen Multimusikaleko karpa... Eguraldia tristea izan zen oso, baina musikak blaitu eta alaitu zituen bene-benetan Lasarte-Oriara hurbildutako lagunen belarriak.
Ostiral eta larunbateko kontzertuen bilgune eta igandean Euskal Jaiaren kokaleku izan zen Okendo plazan kokatuta zegoen gune nagusia. Herriko tabernak ere, Euskal Herri osotik zein kanpotik etorritako taldeen kontzertuen gune izan ziren larunbatean.
Antolatzaileak gustura mintzatu dira Multimusikalak izan duen harrerarekin, jendearen erantzuna ona izan dela adierazi dute. Orain, buru-belarri jarraituko dute maiatzean egingo den Multimusikala 10 edizio indartsua prestatu eta antolatzen.