Multimusikala 0k eta Euskal Jaiak ez dute hutsik egin

Txintxarri Aldizkaria 2011ko abenduaren 19a

Ostiralean eman zitzaion hasiera herriko musika festa handienari. Aurtengoa, berezia, O Multimusikala, baina ez horregatik aurreko beste urte batzuetan baino apalagoa, ezta gutxiago ere.
Jende ugari animatu zen ostiralean Okendoko karpara, bai aurkezpen ekitaldira eta baita gaueko kontzertuetara ere. Lehenik, Oi Salimos txantrearrek punk doinuz blaitu zituzten lasarteoriatar zein kanpotik etorritakoen belarriak.
Ostean, 40 de Fiebre taldea taularatzearekin batera iritsi zen gaueko momenturik hunkigarriena, Juan Mari Cerezo taldekidea zenaren omenez, kontzertu beroa eskaini baitzuen bi urte zuzenean jo gabe zeramatzan Lasarte-Oriako taldeak.
Gaueko kalitate ukitua berriz, “La Kinky Beat” talde kataluniarrak jarri zuen, dantzan jarri zuten karpa osoa gaueko ordu txikietara arte.

Larunbata, egun nagusia

Larunbatari dagokionez, Senegaletik etorritako Famili Mbolo taldea eta Iban Nikolai djeridoo jotzailea izan ziren goizeko protagonista exotiko nagusiak. Kalea girotzen aritu ziren eguedi aldera arte.
Bazkarian, herritar asko izan ziren Juantxo, Lasa eta euren kuadrilak prestatutako menua dastatzen. Lehen aldiz ikusi genuen Lasarte-Oriako alkatea Multimusikaleko bazkarian. Pablo Barriok ere ez zuen hutsik egin.
Horretaz gain, Euskal Herri osotik etorritako graffiti egileak ere izan ziren Lasarte-Orian, eta Institutura doan zubian euren artelanak egin zituzten.
Arratsaldean iritsi zen Multimusikalaren ezaugarri nagusienetakoa, tabernetako kontzertuak zeuden prestatuak. Hainbat eta hainbat talde aritu ziren jo eta ke herriko sei tabernatan. Tartean ziren Makulu Ken, Oreindik, Keep Diggin eta The Trifasiks talde lasarteoriatarrak.
Gauean, ostera ere karpako gune nagusian sekulako festa antolatu zuten Buffalo, Egin Patchanga Band, Anai-Arrebak eta Adabegi taldeek. Estilo guztietako doinuak entzun ahal izan ziren eta goizaldeko 5:00ak arte luzatu zen jaia.

Euskal Jaia

Igandean berriz, txistulariek kaleak musikaz girotu zituzten goizean goizetik, herritarrak esnatu asmoz. Ondoren, elkarteen kalejira abiatu zen herriko kaleetan barrena eta eguerdi aldera ireki zen Euskal Jaiaren gunea Okendoko karpan.
Bertan bertsolariak, abesbatzak, herri kirolak... Denetarik izan zen.
Herri bazkarian lagun asko bildu ziren eta bazkalostean egindako kantu saioak eta erromeriak astebukaerari amaiera borobila eman zioten.