Erabaki hau behin-behinekoa dela eta zerbitzua sortu eta eskaintza publikoa egin arte zerbitzurik egongo ez dela adierazi dute. "Zerbitzua sortu behar da eta prozesu administratibo bat jarraitu behar du," azaldu du Pablo Barrio alkateak. Izan ere, "proba pilotoa amaitu zenetik, hiribusaren zerbitzua arautu gabe jarraitu du martxan," azpimarratu du.
Ana Prieto Zerbitzu Publikoetako batzorde buruak azaldu duenez, "gure gogoa zerbitzua mantentzea da. Baina kalitatezko zerbitzua izan behar du". Izan ere, jakin arazi duenez, orain arte Lurraldebus txartela erabili ahal izan dute herritarrek, "baina zerbitzua sortua ez zegoenez, Foru Aldundiarekin ez zegoen hitzarmenik sinatua eta Udalak ordaindu behar izan du ehuneko hori ere".
Arazoak eta bilerak
Era berean, etetearen berri, etxeetara bidaliko den eskuorri baten bidez jakitera eamngo dela aipatu dute. Eta argi dute, prozesua egiten den bitartean, zerbitzua hori ez egoteak erabiltzaileei arazoak sortuko dizkietela. Baina zerbitzua modu egokian, egonkorrean eta legalean martxan jartzeko pausuak eman behar direla uste dute hiru alderdiek. Gainera, prozesua lehen bait lehen egitea espero dutela azpimarratu dute.
Honetaz gain, auzo elkarteekin bilera izan dutela eta hauek etetea egitearekin ados ez zeudela aipatu du. Hala ere, zerbitzua hobetzeko hauen iritzia kontuan izango dela azpimarratu du.