Eguberrietako haur parkea gaurtik zabalik

Txintxarri 2011ko abenduaren 22a

Dagoeneko martxan da Eguberrietako haur parkea Michelin kirol gunean. Gaurko goizean Sasoeta eta Landaberri eskolako haurrak izan dira parkearen inaugurazioan baina arratsaldean zabalik izango da herriko haur guztientzat.

Goizean udal ordezkariak izan dira irekiera ofiziala egiten, Pablo Barrio alkatea, Boris Nogales eta Tasio Arrizabalaga zinegotziak eta Xabier Goitia udal teknikaria izan dira bertatik betara haurrek jolasteko izango dituzten joko guztiak ezagutzen.

Puzgarriez gain, ping-ponga, zezen mekanikoa, Wii eta Play Station kontsolak edota futbolinak daude etxeko txikien gozamenerako. Horretaz gain, txikienentzat ludoteka gunea jarri dute. Egunero begiraleen laguntzarekin, tailer ezberdinak egiteko aukera izango da gaur adibidez txapak egingo dira eta bihar, postalak. Egun hauetan ikuskizunak egingo dira ere bertan.

Abenduaren 24 eta 31ean parkea goizez bakarrik egongo da zabalik eta abenduaren 25ean itxita egongo da egun osoan. Gainontzean, ordutegia 11:00etatik 14:00etara izango da eta 17:00etatik 20:00etara. Haurrentzat sarrera doakoa da eta helduek euro bat ordaindu beharko dute bertara sartu ahal izateko.