Eguberrietako Haur Parkeak ostegunean irekiko ditu ateak

Txintxarri Aldizkaria 2011ko abenduaren 22a

EHP edo Eguberrietako Haur Parkea abenduaren 22an goizeko 11:00etan irekiko ditu ateak. Lasarte-Oriako Udaleko Gazteria, Jaiak eta Kiroleko sailak azaldu duenez, goiza horretan herriko ikastetxeetako haurrentzat egongo da irekia soilik.
Parkea abenduaren 31era arte egongo da irekia Michelingo frontoian. Hala ere, itxita egongo da abenduaren 24an arratsaldez, 25ean egun osoz eta 31 arratsaldez. Ordutegiari dagokionez, goizeko 11.00-14.00 eta arratsaldeko 17.00-20.00 bitartean izango da irekia. Parkeko sarrera ibaiaren aldetik izango da eta haurrak doan sartuko dira; helduak, aldiz, euro bat ordainduko dute.
Egunero haurrentzako joko, ikuskizun eta jolasak antolatuko dira, ludiko zein didaktikoak, adinaren arabera gune ezberdinetan banatuta: Txikien gunean (0-6 urte), puzgarriak, ludoteka, irakurketa txokoa eta hainbat tailer egongo dira; Haurren gunean (7-12 urte) puzgarriak eta tailerrak; Familien gune zabala ere prestatuko da, besteak beste. ping pong, futbolin, billar, golf, zirku eskola, Wii eta jolas erraldoiekin. Txokolate jana, urte amaierako jaia, "virtual dancing"-a, eta Xistera magikoa magia ikuskizuna, Mugi Hadi haur dantzaldia eta Mugarik Gabeko Mundua antzezlana ere eskainiko dira.