Futbol taldeen kritika Michelingo zelaiaren baldintza kaxkarrei

Txintxarri Aldizkaria 2011ko abenduaren 23a

Futbol talde asko dira maila ezberdinetan Lasarte-Orian eta arazoak dituzte denek Michelinen entrenatu eta jokatzeko. Futbol zelaia oso egoera kaxkarrean dagoela eta kexa adierazi dute Ostadar eta Texas taldeetako arduradunek. Hala ere ulertzen dituzte Udalaren zailtasunak.

Ostadar Saiarre Kirol Taldeko Imanol Bardaji kirol arduradunetako batekin hitz egin dugu. Hark esan digunez, joan den denboraldian, astero, 600 lagunek parte-hartzen dute modu batera edo bestera Ostadarrek antolatutako kirol eskaintzaren batean.
Oro har, joan den denboraldiarekin “oso pozik” daudela aitortu du Bardajik, bidean mota askotako zailtasunak topatu badituzte ere, gehienbat ekonomikoak. Eta Udalak Lasarte-Oriako kirol taldeei orokorrean eskainitako diru-laguntza “penagarria” dela esan du: irauli beharreko zerbait da hori bere ustetan.

Kros arrakastatsua

Lasarte-Oriako Krosa, kirolaz gaindi dagoen ekitaldi bat dela uste du Ostadarreko arduradunak, herriaren indarra agerian uzten duen lasarteoriatarren festa eguna, eta aurtengoa ez da salbuespena izan Bardajiren hitzetan.
Urtetik urtera gora joan izan da eta aurten inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan dira XVI. Lasarte-Oria Bai! Kros herrikoian, bi mila lagunetik gora. Non ote du muga?.

Futbolean 10 talde

Futbolari dagokionez, guztira hamar talde dauzkate Ostadrren eta Bardajik jakinarazi digunez. Gorengo Erregionaleko taldearekin igotzeko puntuan izan ziren aurreko denboraldian.
Entrenatzerako orduan zenbait arazo izan dituztela nabarmendu du, talde gehiegi daudelako futbol zelai bakarrarentzat. Gainera, Michelingo berdegunea egoera oso txarrean dagoela iritzi dio: “Duela hiru urtetik datorren kontua da, aurtengo udan aldatu behar zuten printzipioz, baina aurreko Udalak ez zuen ezer egin. Orain udalean daudenei ezin errurik bota, aldatuko dutela hitz eman baitigute”.

Kirol eskaintza zabala

Futbolaz gain, hainbat talde dauzka Ostadarrek. Rugby taldea (Ostadarrek klub babesa baino ez dio ematen; entrenatzaileak eta azpiegitura Beltzak taldearen esku daude), atletismo taldea, zikloturista taldea, mendi taldea eta tenis eskola besteak beste. Alor guztietan, egindako denboraldia ona izan dela uste du, bere funtzioa bete dutela behintzat.
Hurrengo denboraldirako helburuei buruz galdetuta, kirol eskaintza ahal den neurrian igotzea eta nesken kirola ahalik eta gehien bultzatzea direla esan du.