Lorpen batzuk nabarmentzearren Buruntzazpi Elkarteko txirrindulariak, LOKEko atletak eta judokak, Buruntzazpiko igerilariak eta herriko gimnastak oso ondo aritu dira Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan.
Txirrindulari bizkorrak
BAZPI, Burutzazpi Txirrindulari elkarteko arduradun Xabier Carbayedak aipatu digunez, denboraldi bikaina osatu dute euren gazteek. Guztira, 30 haur dauzkate, ez da kopuru handia, baina euren nahia behintzat betetzen du. Alebin eta infantilen entrenamendua bere gain hartzen ditu Carbayedak eta jubenil zein kadeteen ardura Ramon Unanue prestatzailearena da. Euren xedea, herrian txirrindularitza egin nahi duenari aukera ematea da, gazteek inguruko herrietara joaten ibili beharrik izan ez dezaten.
Emaitzei dagokienez, lorpen esanguratsuak lortu dituzte pasa den denboraldian, bereziki junior mailan. Aipatzekoa da hiru txirrindulari besterik ez direla aritu lehian maila horretan, eta Xabier Peñagarikano eta Xabier Bengoetxeak eskuak altxatzea lortu dutela. Peñagarikanoren kasuan, bi lasterketa irabazi zituen errepidean –denboraldiko lehen zatian- eta horrek junior mailako Paris-Roubaix lasterketa sonatuan parte-hartzeko aukera eman zion. Bertan, zorte txarra tarteko, erori eta eskafoidea hautsi zuen. Denboraldi bukaerarako ordea osatu, eta Udazkeneko Kriteriumean hirugarren postua erdietsi zuen. Bide batez, aipatu beharra dago pistan Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuela.
Bengoetxeak berriz, bi lasterketa irabazi zituen linean (Deba eta Seguran), erlojuaren aurkako txapeldun izan zen Gipuzkoako Txapelketan, eta disziplina berean, bigarren sailkatu zen Euskadiko Txapelketan.
Kadeteen kasuan, bi aritu dira lehian, Luis Sobejano eta Xuban Razkin; infantiletan aipatzekoa da Boris Campook zortzi lasterketa zakuratu zituela eta alebinetan berriz, 12 lasterketa irabazi zituen Luken Carbayedak (tartean Seguran egin zen Gipuzkoako Txapelketa). Orokorrean esan daiteke taldea gaztea bada ere, emaitza esanguratsuak lortu dituztela, nahiz eta Carbayedak aipatu bezala ez diren “helburu”, euren xedea arestian esan bezala, herrian txirrindularitza egin nahi duenari aukera bat ematea da.
Gimnastika erritmikoa
Ez da oso kirol ezaguna Euskal Herrian gimnasia erritmikoa, baina Lasarte-Orian bada kirol hori praktikatzen duen talderik. Maite Rueda da gimnasten entrenatzailea eta beste bi prestatzailek laguntzen diote bere lanean, Amaia Calvo eta Nahiara Cid-ek hain zuzen ere.
Denboraldi polita osatu dute herriko Garazi Gomez eta Aizpea Arroyo gimnastek. Lehena jubenil mailan aritu da eta Gipuzkoako Txapelketan txapeldunorde izan zen.
Egindako denboraldi bikaina dela eta, aurten mailaz igo dute, gorenera, senior A mailara, eta aurtengo bere helburua “parte-hartu eta ikastea” izango dela adierazi digu bere entrenatzaile Ruedak.
Aizpea Arroyo berriz, kadete mailan lehiatu da, Gipuzkoa mailako txapelketan 6. postua eskuratu zuen eta aurtengorako harengan “itxaropen handiak” dituztela azaldu digu.
Aipatzekoa da halaber, taldekako lanean kadete mailan Gipuzkoako 7. postua eskuratu eta hori dela eta, Euskadiko Txapelketara igaro zirela, taldeko gainontzeko gimnastak bezala.
LOKEko atletak bikain
Oscar Santamaria LOKE-ko atletismo taldeko entrenatzailea pozik dago bere neska mutilek egin duten denboraldiarekin. Lau izen aipatu ditu, denboraldi bikaina osatu duten lau atleta gazte beste guztien gainetik. Lehena, Espainiako txapelketetara joateko hiru gutxieneko denbora lortu dituen Gaizka Ormazabal. Aire librean 400m hesidunetan lortu zuen marka eta pista estalian berriz, 200 eta 400 metrokoan.
Ane Galardik ere denboraldia borobildu egin zuen pista estaliko Espainiako Txapelketan seigarren postua eskuratuz luzera jauzian.
Irati Larrañaga berriz, Euskadiko txapelduna izan zen hiruko jauzian eta Espainiako txapelketan berriz, zortzi onenen artean sailkatu zen.
Herrikoa ez bada ere, aipatzekoa da Itoitz Rodriguezek eginiko denboraldia, fondo erdiko atleta bada ere, Euskadiko txapelketan urrezko domina asko erdietsi zituen infantil kategorian. Bestalde, gaztetxoekin egiten duten lanarekin gustura dago eta hasi berri den denboraldiari begira, kadete mailan nesken taldea osatzea gustatuko litzaieke.
Aldaketa urtea igeriketan
Buruntzaldea IKT-ko entrenatzaile Borja Apeztegiak azaldu digunez, igerilari gazteek denboraldi biribila egin dute, aldaketa askoko urtea izan baita haientzat.
Taldeak entrenamendu ohituretan maila arrunta zuela esan digu, eta txapelketetan nabari egiten zela hori. Beraz, urte hasieran, Borja Apeztegia prestatzaile berriak entrenatzeko modua aldatu egin zuen. “Lehenengo txapelketan bertan hasi ziren neska-mutil guztiak aldaketak igartzen, gora egin zuten denek nabarmen, marka onak egin zituzten eta entrenatzeko motibazioak ere gora egin zuen”. Hala ere, garbi du emaitzak ez direla helburua, ondo egindako lanaren ondorioa besterik ez direla dio.
Igerilarien denboraldia bitan zatitzen da, lehen zatiari “neguko denboraldia” deitzen diote, eta bigarrenari berriz, “udako denboraldia”.
Lehen zatian, bi igerilarik egin zuten Espainiako Txapelketara joateko gutxieneko denbora, Haitz Mitxelenak eta Iñigo Ibarburuk hain zuzen. Lehenak, ez zuen parte hartzerik izan hala ere Sabadellen jokatu ziren Espainiako Txapelketan, epez kanpo lortu baitzuen gutxieneko denbora 200 metroko tximeleta estiloko proban.
Iñigo Ibarburuk berriz, 100 metro libre eta 100 metro txi meletan lortu zuen sailkatzea eta proba bietan lehen hamarren artean sartu zen Sabadelleko Espainiako Txapelketan.
Bestalde, Gipuzkoako Kluben Kopan mutilak hirugarren eta neskak bosgarren postuan amaitu zutela eta martxoa aldera izan ziren Euskadiko Txapelketetan taldeko igerilari guztiak sailkatu zirela azpimarratu nahi izan du Apeztegiak. “Hori denboraldi hasieran ez litzaieke inondik inora burutik pasako, taldeko guztiek egin zuten sailkatzeko exigitutako gutxieneko denbora, eta hori ez da gauza makala”, aitortu digu.
Udan ere ondo
Udarako denboraldia modu berean joan zen Buruntzaldea IKT-ko igerilarientzat, maila ona ematen jarraitu zuten eta markak are hobeak egin zituzten. Horren erakusgarri da udarako denboraldian igerilari gehiagok lortu zutela Espainiako Txapelketan izatea.
Oraingo honetan, Haitz Mitxelena tximeleta estiloko 200 metroko proban aritu zen, jubenil mailan; Iñigo Ibarburuk bost probetan gutxieneko denbora lortu bazuen ere, lautan soilik parte-hartu ahal izan zuen araudiak hala aurreikusten duelako infantilen kategoriarako. Honetan, Itsaso Tolosa batu zitzaien bi gutxieneko denbora eginaz, 100 eta 200 metroko bizkar estiloan
Gauzak horrela, balorazio “oso positiboa” egiten du Apeztegia entrenatzaileak. “Beraiek lanean ondo ari dira, talde giroa oso ona da eta emaitzak hori guztiaren ondorioa besterik ez dira.
Pilotan kadeteak ondoen
Jose Felix Solano, Intza pilota eskolako arduradunarekin ere aritu gara hizketan. Urte osoan zehar lana gogotik egin dute eta Gipuzkoako txoko askotan egon dira herriko pilotariak txapelketa ezberdinetan parte-hartzen.
Solanok azaldu digunez, Herriarteko Txapelketan kanpoan geratu ziren final-zortzirenetan Bidegoianen aurka galdu ostean. Hori dela eta, zerrendaburu izaera galdu egin dute eta lehen fasetik hasi beharko dute txapelketa berriro datorren urtean.
Bestalde, 1. eta 2. mailako alebin, infantil eta kadeteek Gipuzkoako txapelketan parte-hartu zuten.
Esanguratsuena kadeteek egin zuten balentria izan zen, 2. mailakoak finalaurrekoetan kanporatuak izan baziren ere, 1. mailako Arteaga eta Aranguren bikoteak, aldiz, txapeldunorde izatea lortu baitzuten.
Kolpe latzena berriz, senior mailan hartu zuten. 3. mailan taldea badaukate ere, lehenengo mailakoek maila galdu eta bigarrenean aritu beharko dutelako 2012 denboraldian. Hala ere, baikor mintzo da Solano, eta hurrengo urtean maila errekuperatzea posible dela uste dute.