Gorka Iparragirre 23 urteko lasarteoriatarra, Gasteizen ikasi ondoren Maltara abiatu zen arkitektura eta diseinu praktikak egiteko asmoz. Bertan proiektu interesgarri batekin aurkitu zen eta bere ibilbide profesionala hasteko ere aukera polita izan du. Urte beterako kontratatu dute, bertan izan da abendura bitartean eta berriro itzuliko da.
Zer ikasi zenuen?
Arkitektura eta diseinua ikasi dut Gasteizen. Aurten amaitu dut karrera, hobeto esanda diplomatura. Hiru urteko karrera da eta laugarren urte bat du proiektu finala egiteko.
Proiektu hori egitera joan al zinen atzerrira?
Ez, proiektua hemen egin eta gero atera nuen nota finalagatik Erasmus-en aukera eskaini zidaten. Bederatzi beka eman zituzten bederatzi pertsonentzat, eta ni horien artean nintzen.
Maltara joan naiz diseinu munduko enpresa batean hiru hilabetez lan egitera.
Zein proiektu garatu dituzu han?
Ni Carlos eta Estefania estudioan egon naiz. Bertan Carlos arkitektua, bere emaztea eta nirekin beste 4 langile zeuden. Gero etxetik bertatik lan egiten zuten beste bi langile zeuden.
Diseinu munduan erraz egin daiteke lan etxetik hainbat proiektuetan, adibidez 3Da muntatzen eta gero informazio guztia bidaliz.
Zu, konkretuki, zer lanetan ibili zara?
Proiektu batean askok hartzen dugu parte. Ni atal batetaz arduratzen nintzen, baina atal horretan egindakoa beste bati pasatzen nion berak bere partea bete zezan. Horrela pixkanaka proiektuari forma emanaz.
Proiektu horietako bat Maltako aireportuaren barruko diseinua izan da, ezta?
Ni Maltara iritsi nintzenean aireportuko barne antolaketa muntatzen ari ziren eta taldearekin lan egiten hasteko esan zidaten.
Banaketa finkatzen hasi ginen, eraikina jada eginda zegoelako. Ez da aireportu normala, ministro eta lehendakarientzako aireportua da, V.V.I.P (very very important person), beraz nik ezingo dut emaitza ikusi.
Aireportu pribatua al da moldatu duzuena?
Izenez aireportu deitzen genion, baina ez da edozein herritarrarentzat, baizik eta Maltara datozen pertsona garrantzitsuenak hartzeko da. Bertan elkarrizketak egiteko, mitinak emateko...
Ni heldu nintzenean, antolamendua garatzen ari ziren, eta horretan hartu nuen parte. Gero dekorazioa eta altzariak erabakitzeko ardura pasa zidaten niri. Dena den, marka eta estiloa erabakita zegoen aurretik.
Carlos eta Estefaniak beren enpresan eskaintzen duten estiloa berbera erabili dut. Eurak nola lan egiten duten erakutsi zidaten lehenengo eta hori kontutan izanik, zein marka eta zer jarri erabaki nuen nik gero.
Proiektua nola iritsi zen zuen enpresara?
Malta ez da oso handia. Diseinu munduan bi enpresa garrantzitsu daude, nik ezagutu dudan hau eta beste bat. Biei eman zieten aukera proiektua prestatzeko. Ni heldu nintzenean lehenengo aurkezpenarekin zeuden eta guri eman ziguten aukera.
Oso pozik nago. Han gauzatutako lana hemen egitea oso zaila da, diseinu aldetik aireportu bat muntatzeko aukera hori, hemen oso zaila izango nuke.
Hemen gainera aireportuak eta horrelako eraikinak ez zaizkio edozein enpresari ematen, izena eduki behar duzu horrelako lan bat eskuratzeko.
Nola sentitu zara horrelako proiektu batean parte hartuz?
Oso oso txikia. Gainera honelako proiektu izugarri batean parte hartzeaz gain, hemendik ateratzen nintzen lehenengo aldia zen. Lehenengo aldiz hartu nuen hegazkina ere. Beraz gauza askoren lehenengo aldia.
Nolako esperientzia izan da zuretzat Maltakoa?
Oso ona, oso aberatsa. Hiru hilabete intentsu izan dira. Gauzak asko aldatzen dira, ingelesaren kontuan adibidez.
Nik uste nuen ez zela behar-beharrezkoa, baina hara iritsi eta konturatzen zara ingelesik gabe ezin duzula lanik egin, ezin zarela komunikatu, ezin duzula ezer eskatu...
Esperientzia garrantzitsua izan da, etxetik kanpo hiru hilabete pasa ditut, eta profesionalki irabazi dudanaz gain pertsonalki ere asko ikasi dut.
Zergatik Malta? Zuk aukeratu zenuen?
Eusko Jaurlaritzak eta Erasmusek zenbait beka ematen dituzte, diru laguntza bat baina biak elkarrekin. Beka hori eskolak lotzen du horrela aukerarik ez galtzeko. Guri emango baligute hautatzeko aukera; lekua, etxea, enpresa... zaila ikusten dut guztia maneiatu ahal izatea. Ikasten zaude, proiektuarekin, zaila da.
Beraz, eskolak bitartekari papera hartzen du. Zuk nahi duzuna esaten diozu eta berak dituen kontatuekin lotzen dizkizu praktikak, Maltan adibidez .
Askotan esaten da praktikak ez dutela ezertarako balio, zure kasuan guztiz kontrakoa izan da, ezta?
Bai, arrazoi duzu. Niretzako hiru hilabete motz geratu dira. Asko ikasten duzu baina azkarregi pasatzen da denbora. Lehenengo hilabete kokapen hilabetea da, dinamika batera ohitzekoa eta egin beharrekoetan bustitzeko. Eta gero beste bi geratzen zaizkizu garatzeko, motza geratzen da. Baina, beno, ni praktiketatik bueltatu naiz eskolan ikasitakoa nire bizitza profesionalerakoa gustatzen zaidala jakinda.
Karrera bukatzen duzunean, nire kasuan behintzat, ez nengoen ziur honetaz bizi nahi nuen edo ez. Karreran ikasten duzuna eta gero errealitatea ez datoz bat. Eta praktikei esker mundu hau gogoko dudala ikasi dut.
Hasieran mundu hotzaren sentsazioa ematen zidan, materialista, eta berez horrela da. Guk espazioekin eta materialekin jolasten dugu, baina ez da hain mundu materialista. Bezeroekin hitz egiten duzu, zer nahi duen jakin eta horrek hoztasun hori ezabatzen du, harreman bat eratzen delako. Ilusio handiz hartzen dituzte proiektuak Carlos eta Estefania estudioan eta hori igorri didate.
Nola hartu zuten estudioan proiektua?
Oso ondo. Niri hasieran egin beharrekoa esan zidaten, ez nekien zertarako zen.
Ondoren azaldu zidaten eta harrituta geratu nintzen. Oso kontent egia esan.
Kontatu pixka bat nolakoa izango den aireportu hori.
Pasilo luze bat dago erdian, edifizioa bitan zaitzen duena. Eskuineko zatian hiru gela daude, bionboekin banatuta. Baina beharra dagoenean, gela handi eta bakar batean bilakatu daitekeena. Gela horietako bakoitzean bi espazio daude, beharren arabera erabiltzeko. Eta hau da proiektuaren alde garrantzitsuena.
Ezkerraldeko aldean batzar gela bat dago. Bertan hiru espazio banatzen dira, espazio handi bat konferentziak emateko, beste esparru bat elkarrizketa pertsonalak egiteko eta gero atril bat, galderak egiteko beste espazio bat.
Bi eremu hauek desberdintzeko, erdian lorategi bat dago. Dekorazioaren Aparte da, horrela natura aireportuaren barruan sartzeko eta beste sentsazio bat emateko.
Zein izan da zure lana proiektu honetan?
Nik altzari guztiak, pinturak, oihalak eta abar aukeratu ditut. Dena den, praktikak burutu ditudan estudioak estilo bat dauka eta estilo horri jarraiki altzarien aukeraketa eta banaketa egin dut.
Eta ondoren ere haien onarpena behar nuen aurrera jarraitzeko edo zeozer aldatzeko.
Zer sentitzen da horrelako proiektu batean lan egin eta gero?
Egia esan sentsazio arraroa izan zen. Karrera amaitu berria nuen eta horrelako proiektu batean sartzeko ez nuen nire burua prestatuta ikusten.
Ez daukat hitzik lan honek niretzako suposatu duena azaltzeko. Oso kontent nago eman didaten aukerarekin eta oso gustura gauzatutako lanarekin.
Gure herrian oso zaila da horrelako proiektu batean barneratu ahal izatea, are eta gutxiago karrera amaitu berritan.
Aukera ikaragarria izan da, hara iritsi eta nire burua honelako proiektu batean ikustea... oso pozgarria.
Eta nola ikusten duzu orain zure etorkizuna honelako lan garrantzitsu batean parte hartu ostean?
Pixkanaka-pixkanaka aurrera jarraitu nahi dut. Asko gustatzen zait proiektuak lan pertsonalean bihurtzea eta horretan nago.
Han nabaritu dut Carlos eta Estefania estudioan proiektu askorekin egiten dutela lan, bai proiektu txikiekin eta baita lan handietan ere.
Aireportua egiteaz gain beste proiektu batzuetan ere hartu dut parte, adibidez, taberna edo jatetxe bateko diseinuan.
Hango eraikitzaile batekin ere egin dugu lan, beraien edifizio zentrala egiten.
Proiektu handietan bezeroarekiko harremana oso hotza izaten da eta nik harreman estua edukitzea dut gogoko.
Horregatik jatetxe edo antzeko proiektuak gustatzen zaizkit, bezeroarekin harreman gehiago daukazulako eta beraien ilusioa zurea egiten duzulako, zeozer eta zerbait espeziala sortzen ari zarenaren sentsazio edukiz.
Proiektu handiak zure gainditze pertsonalerako onak dira, ikasteko oso ondo etortzen dira, baina nik behin probatuta proiektu txikiekin lan egitea dut gustuko.
Gainera ez da praktiketan gelditu? Aurrera jarraitzeko aukera eskaini dizute?
Maltara itzultzeko eskaintza egin zidaten Carlos eta Estefania estudiokoek. Praktikak bukatu eta irailean bueltatzeko aukera lau hilabeteko kontratu batekin. baina iraila hurbiltzen ari zela hartuemanetan jarri eta azkenean urte baterako kontratua eskaini didate. Aste bete eman genituen baldintza eta soldata negoziatzen, azkenean baiezkoa eman eta abentura berri honetan barneratu naiz.
Nik uste aukera hau aprobetxatu egin behar dudala nire bizitza profesionalerako pausu handia da eta asko ikasiko dudalakoan nago. Nire profesioaz gain, nire ingelesa hobetzeko oso ondo etorriko zait esperientzia hau.
Zer moduz lankideekin?
Hango jendearekin oso gustura ibili naiz. Harreman berrietarako oso irekiak dira. Ohituak daude jende berriarekin lan egitera, honelako lanetan lan taldea asko mugitzen delako.
Lan estresatua da mila kontutan zaudelako. Proiektu guztiak ez dira aurreratzen baina guztiak landu behar dituzu. Horregatik lankideekin gustura sentitzea ezinbestekoa da lana behar bezala gauzatzeko.