Bertan musika, DVD-Filmeak, informatika, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala aurki daiteke. Produktu guztiak zein adinentzat egokiak diren zehazten da gainera eta honen inguruko bestelako informazioa ere eskaintzen da erosketa errazagoa izan dadin.
Ibilbidea
Duela 14 urte, Nafarroako udal gutxi batzuek eman zioten hasiera Euskarazko produktuen Katalogoaren ekimenari. Urte guzti hauetan, asko izan dira honetan parte hartu nahi izan dutenak eta egun, 135 toki-entitate, 200 udaletik gora osatzen dute.
Honela, katalogoa bultzatzen duten udalerriek bat egin eta Euskal Herrian XIV. edizioa argitaratu dute aurten.
Eskaintza zabala
Aipatu bezala bertan aurki daitezke filmeak, jostailuak eta jokoak, musika, komikiak, aldizkariak, liburuak, gurasoentzako materiala, informatika...
"Euskarazko produktuak erdararen itsasoan nabarmendu behar dira, eta egon badagoen hori erdarazko produktuen itzaletik argitara ekarri," adierazten dute katalogoaren arduradunek web orrialdean.
Paperezko katalogoaz gain, argitaletxeek eskaintzen dituzten produktu guztien erreferentziak www.katalogoa.org web gunean aurki daiteke. Bertan, produktu edo adinaren arabera banaturik aurki daitezke eta produktuen ezaugarri gehiago ezagutu. Azken batean, ekimenaren arduradunek katalogo hau gurasoentzako lagungarri eta erraza gertatzea dute helburu nagusi.
Nobedadeak
Haur eta gazteentzako euskarazko produktuen informazioa eta nobedadeak paperezko edizioan zein www.katalogoa.org web orrialdean eguneratuak agertzen dira eta aurtengo nobedadeak direnak bereziki markatuta daude. Gainera urtean zehar kaleratzen diren produktuen berri e-mailean jasotzeko aukera ere eskaintzen da.
Aurtengo produktu berriak dira esaterako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Zazpikoloroa" diska, "Ice age 3 Dinosaurioen egunsentia" DVD-Filma, "Bob esponja izan zoriontsu!" ipuina 5 urte arteko haurren atalean, bost eta bederatzi urte bitartekoentzat esaterako, berriak dira Bat Pat bildumako "Alkimistaren sekretua" edota "Kirats doktorearen mamua". Hamar urtetik gorakoentzat adibidez, "Barkatu aita" edota "Gizajo baten egunkaria" izenburuak aurki daitezke. Jostailu eta jokoen atalean berriz, badira besteak beste, Ikastolen Elkarteak kaleratutako "Lehenengo ordenagailua" eta " Animalien alfabetoa".
Aipatutako izenburu hauek katalogoan aurki daitezkeen nobedadeen artean bakan batzuk dira izan ere, hainbeste produkturen artean erraza da adin egokiarentzat oparia topatzeaz gain, haur eta gurasoen gustukoak diren gaiak aurkitzea. Maitasunezko liburuak, misteriozkoak, fantasiazkoak...
Online jokoak
Internet-en umeak jolasean aritzeko joko anitz daude, eta euskarazkoak ere badaude. Guzti honen informazioa eta dagokion web orrialdea www.katalogoa.org helbidean zehazturik eta zerrendatuta aurkitzen da.
Guztia web guneak duen iruzkin atalarekin osatzen da. Bertan gurasoek aurki daitezkeen produktuen inguruko iritzia utz dezakete erabiltzaileentzat beste tresna lagungarri gisa. Bizi euskaraz, jolastu euskaraz! •