25 urte irriak zabaltzen

jon-altuna-iza 2011ko abe. 23a, 01:00

Lasarte-Oriako pailazoentzat urte berezia izango da 2012a, Euskal Herriko umeen artean irriak banatzen hasi zirenetik 25 urte beteko dituzte eta. Baina bitartean, lanean segitzen dute eta aurten ere hainbat produktu kaleratu dituzte, "Zazpikoloroa" elkartasuna ardatz duen diska berria, "Ongi etorri Pupu eta Lore" ikuskizuna eta beste zenbait bideo jasotzen dituen DVDa, Bonberenea txarangaren CD-DVDa eta bost liburu. Gainera, Irrien Lagunen elkartearen ondotik, Elkartasun elkartea sortu dute aurten gizarte arloan musu truk lan egiten duten taldeekin.

Oholtza gainean 25 urte beteko dituzte 2012an Pirritx eta Porrotx pailazoek eta Euskadiko Orkestrako musikariekin diskoa grabatuko dute irailean, elkarrekin zuzeneko kontzertuak eskaintzeko asmoa ere badaukate eta bideo bat grabatuko dute Euskal Herriko umeei orkestra zer den erakusteko. Beraien ibilbidea jasoko duen liburua ere prestatzen ari dira, eta Euskal Herriko musika bandekin zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte, bandek musika jo eta pailazoek kanta.
Zazpikoloroa disko CD berria kaleratu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. 20 ipuintxo eta beste hainbeste abesti dira, Joxe Mari Agirretxe Porrotxek azaldu digunez, "iaz Pupu eta Lore jaioberriei Osasuna, Natura, Zientzia eta Kulturaren berri eman zieten, Tiritatxo pediatra, Largabista basozain, Mari Kalanbre zientzilari eta Martin Bertso kulturzaleak eta aurten, elkartasunari helduko diogu, horixe izango da oinarri".
Hain juxtu, duela gutxi jarri dute martxan Elkartasun elkartea: "Euskal Herrian talde txiki pila bat daude gizarte arloan lana egiten dutenak; normalean jendea gaixotasunen edo arazoren bat daukanean gerturatzen da hauengana; guk talde guzti horien aberastasunarekin Irrien Lagunak elkartea zipriztindu nahi dugu; batetik nolabait elkartasunaren balore hori Klubari eman, eta bestetik kluba bera izan dadila beste elkarte guzti horien bozgorailu. Momentuz 22 elkarterekin jarri gara harremanetan, hasteko web orrian elkarte horiei buruzko informazioa eskainiko dugu, gerora elkarlanean gauzak egiteko".
“Zazpikoloroa” ikuskizunaren pertsonaiak Ane eta Patakon piratak izango dira, “loroa da piraten hegaztia, Euskal Herriari ostadarraren zazpi koloreak emango dizkion txori alaia” jarraitu du Porrotxek. Igor Elortza bertsolariak egin du ikuskizunaren gidoia, eta hari hori jarraituz hainbat elkarteri egin diote abestia, esaterako Imanol Urbietari "hain juxtu bera baita, kultur esparruan elkartasuna pertsonifikatua, ehundaka kantu sortu dituen musikariak kantu bat merezi zuela uste dugu”. Bestalde, Lapiko abestian, “ikastetxetan janari ekologikoaren erabilera bultzatzen da, eta elkartasuna adierazi baserritarrei".
Bertsolariak aritu dira letragile, tartean Amaia Agirre, eta kolaborazio asko dago, parte hartu duten elkarteetako kideak, eta, besteak beste, Esne Beltzako Xabier Solanok eta Zea Mayseko Aiora Renteriak abestu dute, rantxera bat euskaraz kantatu duen Amparanoiako Amparorekin batera. Motxila 21 Down Sindromea duten musikariek osatutako rock taldekoek ere abesti bat grabatu dute.
Katxiporretak argitaratu dituen beste produktuen berri Marimototsek eman digu irudiak grabatu eta muntatzeaz arduratzen den Isa Fernandez de Agirrek lagunduta: Ume txikientzat, 0-4 tartekoentzat, kartoizko liburutxoak sortu dituzte, Elkar argitaletxearekin elkarlanean, "Nor gara?" izenburupean "Porrotx", "Pirritx", "Mari Motots", "Pupu eta Lore", zeintzuk diren "oso modu sinplean" azalduz. "Ez genuen beraientzat ezer eta gure ikusleak dira. Lau hitzetan azaltzen dute nor den bakoitza". Mari Mototsek berea kontatu digu: "bihurria da, txabola batean bizi da, putzutan salto egitea gustatzen zaio,... lau esaldi dira, oso grafikoa da".
Patakon eta Ane piraten "Sirenen Kantua" istorio berria ere kaleratu dute Elkarrekin elkarlanean. "Aspaldi hasi ginen Milakolore familiaren istorioekin eta orain pirata abenturazaleen ipuin berri bat kaleratu dugu. Beti bezala Toqueroren marrazkiekin" azaldu digu Mari Mototsek.
Bestalde, 2010-2011 denboraldiko ikuskizuna jaso dute zuzen zuzenean "Ongi etorri Pupu eta Lore" DVDan. Martxoan grabatu zuten ikuskizuna Urnietako Sarobe antzokian.
Gainera, zenbait erreportaje, bideo klip, karaoke eta abestien partiturak jaso dituzte DVDan, irudien arduradun, Isa Agirrek azaldu digunez, besteak beste, Mari Kalanbre, Largabista, Martin Bertso eta Tiritatxoren azalpenak, Lasarte-Oriako Antzerki eta Dantza Eskolaren historiari buruz Kukukarekin grabatutakoa, Porrotx-ek Palestinara egindako bidaiaren kronika txiki bat, pailazoekin harremana izan duten Lasarte-Oriako taldeekin eta Bonberenea txarangarekin Villa Mirentxun grabatutako LipDub-a, animaliei buruzko muntaia, karaokea, partitura, kantak,...

Aukera zabala DVDan

Lehen ikuskizuna VHS bideoan grabatzen bazuten ere katxiporreta sortu zutenetik DVDa kaleratzen dute urtero denboraldi amaieran, aurten zazpigarrena, disko bakoitzeko bat, alegia. Isa Agirreren ustez DVDak aukera ematen du beste hainbat ikuspegi sartu eta diskoak zabaldu nahi duen mezua borobiltzeko. Mari Mototsek ere iritzi berbera du, "gaian sakontzeko erabiltzen dugu. Zuzenean azaldu ezin duguna erreportajeen bidez osatzen dugu". Antzekoa Porrotxek: "Euskara eta alaitasuna ziren hasierako gure osagaiak, gerora hasi ginen baloreak jorratzen eta horretan ikuskizunak mugak dituen bitartean, DVDan beste modu batetara landu daitezke gaiak, kristoren aukera da. Gainera lehenengo erreportajeetatik saltoa eman da, orain pailazoekin elkarrizketak ere grabatzen ditugu”.
Duela zortzi urte Takolok taldea utzi eta Katxiporreta sortu zutenetik, zazpi DVD eta zortzi disko kaleratu dituzte, urtero bat, eta Katalanez ateratakoa kontatuz bederatzigarrena da aurtengoa. Aurretik Takolorekin beste hamaika disko kaleratu zituzten.

Bonberenea txarangarekin

Urte askotan izan dute harremana Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek Bonberenea gaztetxeko txarangarekin eta aurten, aspaldiko asmoa gauzatu eta, diskoa argitaratu dute elkarrekin, pailazoen abestiak txaranga bertsioan.
"Oso polita atera da" esan digu Isa Agirrek: "CDa izango zena CD-DVD bihurtu da: bi bideo-klip zahar daude, Gorriti aztiarena eta “pailazoak Gaztetxean”; beste bi berri egin ditugu, Ainhoa Moiuarekin “Maite Zaitut” abestia gorren hizkuntzan, eta Bonberenearen abestiarekin bestea. Gaztetxekoek Making Off-a ere egin dute: nondik sortu zen ideia, nola egin duten,..."

Sei hizkuntzatan

”Maite Zaitut”-en gorrentzako bideoa oso polita da, Zea Maysena baino politagoa" Mari Mototsen iritziz.
Abesti honen arrakasta izugarria da, Sardinian, "T'estimo Molt" kataluniako bertsioa ezagutu zuten eta sardora itzuli. Jada, bost hizkuntzan dago: gorren zeinu hizkuntzan, Katalunieraz, Sardoz, galegoz eta arabiarreraz. Beraien hit-a dela aipatu eta segituen erantzun du Porrotxek, "orain arte".
Euskal Herritik urruti, azken aldiz Etiopian egon ziren apirilean eta 2012 urte olinpikoan Londresera joateko asmoa dute, ez dute oraindik erabaki, baina uztaileko olinpiadak baino lehen izango da, "joatekotan maiatzaren 1eko zubian joango gara" esan digu Mari Mototsek.

Pitx eta Potx lehengusuak

Kanpora batez ere Kataluniara joaten dira. Mari Motosek kontatu digu hango esperientzia: "Maite Zaitut, "T´estimo molt" bihurtu zen, Lax'n'bustorekin elkarlanean. Katalunian ondo funtzionatuko genuela esan ziguten, umeentzako pailazo gutxi dagoelako, soilik urtebetetze festetakoak; gainera han bizi da Aiora Zulaika, Pirritx-en ahizpa, animatu, "Maite Zaitut" ikuskizuna katalunierara itzuli eta han ematen ari dira, herriz herri 'T'Estimo' saioa azarotik Pitx, Potx i Mari Cuetes, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "lehengusuak". Momentuz erantzun oso ona izan du. Euskaldun asko dago han eta zale asko ditugu".
Porrotx-ek azaldu digunez, Katalunian ezagutarazi nahi dute, “baloreak zabaltzeko eta jasotzeko. Emateko eta hartzeko. Ziur gaude Katalunian haurren gaia lantzen dela eta oso modu interesgarrian gainera. Hasieran gaude, Kataluniatik asko dugu jasotzeko".
Kanpora joaten direnean erabili izan dituzte beste hizkuntza batzuek, "Nikaraguara joan ginenean egin genuen gazteleraz, eta Kuban ere bai. Etiopian euskaraz egin genuen, eta itzultzaileak tigrinez azaltzen zuen. Kantak beti euskaraz abesten ditugu hala ere" azaldu digu Mari Mototsek. "Kuban kubatarrez egiten zuen Porrotxek" zuzendu du Isak. Nikaraguan Kintxok ere bertakoa egiten omen zuen.

Katxiporreta.com

Talde zabala da katxiporreta, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsekin batera, pertsonaia ugari ateratzen dira, bakoitza aktore batek interpretatua. Bestalde, Xabi Zabala da taldeko musikagilea, Isa Fernandez de Agirre arduratzen da irudien grabaketa eta bideoetaz eta Julen Toquero marrazkietaz.
Isa Agirre duela zortzi urte hasi zen zuzeneko DVDa grabatzen, baina gero eta pisu handiagoa hartu du. Bere ustez, katxiporreta.com webak eta DVDak, aukera zabala eskaintzen dute "gure mezuak zabaltzeko", erreportai edota bideoklipen bidez.
2009ko urritik da martxan Katxiporreta.com weba eta bi urtetan 70 bideo zintzilikatu dituzte, denetarikoak: pailazoen eguneroko gauzak, disko grabaketa edota aurkezpena, bidaiak,... Pupu eta Lore-ren erditzea izan da ikusiena, urte betean 150.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute: atzo eguerdian 166.490 sarrera zeuzkan. Zazpikoloroa berriak 13.000 ditu jada eta asteazkenean jarri zuten “Gabonetako Agurra”k, 24 orduan, mila.