Saskibaloia eta irakaskuntza izan dira Floren Coliasen bi zaletasunak. Bere irakasle urte guztiak disfrutatu dituela aitortzen du harro.
Irakasle izatea bokazionala izan zela esan digu eta horregatik, orain, erretiroa hartzeko garaian, pena ere sentitzen duela. Ikasleei agur esatea izango da zailena berarentzat.
Beti izan al zara soinketa irakaslea?
Hasieran lengoaia eta frantses eskolekin hasi nintzen. Egia esan denetatik ematea egokitu zait, garai batean ez zegoen espezialitaterik.
Ondoren, plaza ateratzekoan, oposaketa matematika eta natur zientziak arloetan egin nuen eta horretan atera nuen irakasle lanpostua.
Horrekin batera, kirolarekin oso harreman estua izan dut nire bizitza osoan eta horregatik bukatu nuen soinketa irakasle bezala.
Zenbat denbora egin duzu soinketa irakasle?
Eskolan soinketa ematen hasi nintzela hamar urte baino gehiago egin ditudala uste dut. Betidanik izan dut kirolarekin harremana.
Batez ere saskibaloiarekin, duela ia 30 urte entrenatzaile izateko goi mailako titulua gainditu nuen eta horregatik soinketa ematen gozatu egin dut eta saiatu naiz kirolarekiko nire zaletasun hori ikasleei ere transmititzen.
Lasarte-Orian nesken saskibaloi taldea egon zen eta ni aritu nintzen horretan entrenatzaile.
Lehen mailara iritsi ginen eta hori izugarria izan zen, gogoangarria. Besteak beste Txintxarri aldizkariaren lehen alean atera ginela gogoratzen dut, etxean gordeta daukat 1993-1994 denboraldian izan zen.
Saskibaloiaren munduan jarraitzen al duzu?
Ez, semeak uztea erabaki zuenean nik ere utzi egin nuen, urte asko ziren saskibaloiari denbora eskaintzen, ia bizitza erdia. Hasieran saskibaloi jokalari bezala aritu nintzen, ondoren entrenatzaile lanak egin nituen eta azkenik, saskibaloi federazioko zuzendari teknikoa izan nintzen.
Euskara ere ikasi behar izan zenuen ezta?
Bai ikasi behar izan nuen, euskaldun berria naiz. Urte pila dira euskara ikasten hasi nintzela, ez dut oroitzen zenbat baina egia esan asko kostatu zitzaidan eskolak emateko beharrezkoa nuen titulua ateratzea, hamar urte inguru, eta pertsonalki prozesua gogorra izan zen niretzat. Azkenean lortu nuen eta azken urteetan noski eskolak euskaraz eman ditut.
Zure ustez zein da gorputz hezkuntzak irakaskuntzan duen lekua?
Hasteko esango nuke soinketa oso gutxi baloratuta dagoela hezkuntza sisteman. Ordu gutxi eskaintzen zaizkio eta hezkuntza sailetik gainera, ordu hauek azken urteetan murriztu besterik ez dituzte egin. Niretzako benetan erabaki larria izan da.
Soinketa oso garrantzitsua da osasunarentzat, aisiarentzat... baina badirudi ez dela horrela ulertzen. Gure kasuan, eskola honetan behintzat, bi saio mantendu ditugu baina ikasleak institutura iristerakoan ez dute soinketa irakasgairik izango.
Niretzako ulertezina da benetan. Kontraesana da, izan ere erakundeetatik bidaltzen zaigun mezua kirola egitea ona dela da, bizitza osasungarriago baten alde jokatu behar dugula esaten digute gure haurrak ez loditzeko etab.
Kirola egiteko ohitura txikitatik lantzen ez bada, nola lortuko dugu kirolarekiko zaletasun eta bizitza osasungarri hori? Lotsagarria iruditzen zait.
Kirol gutxi egiten dela iruditzen zaizu?
Bai, zalantzarik gabe, egoerak okerrera egin du azken urteetan eta batez ere emakumeen kasuan. Lehen Sasoetan, baita Michelinen ere, nesken saskibaloi taldeak zeuden, atletismokoak,... baina orain? ba al da bakarren bat? nire ustez larria da.
Egoera honen arrazoia nesken kirolak gizartean duen babes falta dela pentsatzen dut. Etxean eta gizartean, oro har, kirola egitearen garrantzia ez da behar bezala sustatzen, batez ere, nerabezaroan.
Eta azkenean, joera beste edozein ekintza egitea da ingelesa, musika, dantza, antzerkia... Ostadarrek esaterako, nesken futbola eskaintzen du baina zenbat talde daude? bakarra. Eta Gipuzkoa osoan? oso gutxi eta saskibaloian? oraindik gutxiago. Nire ustez neskekin lan berezi bat egin behar da hauek kirola egitera bultzatzeko.
Urte guzti hauetako esperientzian oinarrituta, haurrak desberdinak al dira orain?
Haurrak asko aldatu dira bai. Aldeak handiak dira nire hasierako eta oraingo ikasleen artean, bestelako hezkuntza jasotzen da etxean eta hori eskolan islatzen da. Gizartea ere asko aldatu da eta egun lehiakortasuna bezalako baloreak bultzatzen dira eta hori gelan igartzen da.
Zergatik erabaki duzu orain erretiroa hartzea?
Zertarako luzatu, erretiroa 60 urterekin hartuko dut; irakaskuntzan 33 urte egin ondoren nahikoa lan egin dudala iruditzen zait. Egia da oso pozik nagoela eskolan, haurrekin, osasunez primeran nagoela baina erabakia hartu behar zen eta orain da niretzako momentu aproposena. Oraindik ondo nagoela aprobetxatu nahi dut emaztearekin egoteko, kirola egin, paseatu eta batez ere bidaiatzeko.
Nora joateko asmoa duzu?
Ikasleek barre egiten dute baina urteetako nire ametsa izan zen sumendi baten erupzioa bertatik bertara ikustea.
Duela urte batzuk lortu nuen amets hori betetzea, Costa Rican El Arenal sumendia ikusi nuen baina pixka bat urrutitik eta hotz geratu nintzen. Gertuagotik ikusi nahi dut. Lehen bidaia El Hierrora izango da, han gertatzen ari dena ikusi eta sentitu nahi dut.
Ikasleek nola hartu dute zure agurra?
Ikasleak penarekin daude. Askotan esan didate ez joateko eta niri ere pena ematen dit, ez pentsa, kalean elkar ikusiko dugula esaten diet, herrian topatzeko aukera izango dugula.
Beraientzat bizipen berria ere bada, esaten diet beraien hiru bizitza eman ditudala eskolan eta nahikoa dudala baina ez dute guztiz ulertzen. Aurrekoan batek esan zidan oraindik gaztea ikusten ninduela eta ea zergatik ez nintzen beste urte batzuk eskolan gelditzen. Beraien kezka orain, nire ondorengoa nolakoa izango den jakitea da.
Nire ibilbide profesionalean ez dut arazorik izan ez ikasle, guraso edota lankideekin eta hau esan ahal izatea oso pozgarria da niretzat. Oroitzapen on askorekin noa, oso pozik uzten dut eskolan disfrutatu dudalako. Irakasle bokazionala izan naiz eta egindakoaz harro nago.