Olentzero arratsaldeko 17:00ak aldera iritsiko da gure herrira. Menditik jaitsi eta Loidi-Barrengo pilotalekura hurbilduko da.
Harrera txiki bat egingo zaio bertan eta trikitilari eta batukadaren laguntzaz, Loidi-Barrengo pilotalekutik aterako da kalejiran Olentzero.
Lasarte-Oriako erdi gunetik ibiliko da haur guztiak agurtuz. Kale Nagusitik barrena Hipodromo etorbidera egingo du. Okendo plazan amaituko da kalejira eta bertan ongi etorri jaialdia egingo zaio.
Gauzak honela,Ttakun kultur elkarteak deialdi zabala egiten die herritarrei Olentzerorekin batera bidea egiteko.
Kriseiluak eta jantziak
Era berean, Amaraun ludotekako arduradunek Olentzeroren ibilbidea argitzeko kriseiluak egiteko gonbidapena egiten die haur eta gurasoei.
Egun bat geratzen da eta ez da buru hausterik izan behar. Ludotekako arduradunek azaldu dutenez, "etxean dauden gauzak erabili daitezke, hala nola, metalezko edo plastikozko potea edo laranja bat".
Metalezko potea ongi garbitu eta potean zuloak egitea besterik ez da. Laranjari dagokionez, Laranja hustu egin behar da eta laranja azalari zulo txiki batzuek egin.
Horren ostean, kriseiluan kandela txiki bat sartu eta bihar, Olentzerorekin ibilbidea egitea besterik ez da.
Honetaz gain, Gazte Klubeko gazteek gaur arratsaldean 16:00etatik aurrera kalejiran parte hartzeko jantziak eta kriseiluak prestatzeko eguna izango dute. •