Olentzerori harrera beroa egingo zaio

Txintxarri Aldizkaria 2011ko abenduaren 23a

Lasarte-Oriako herriak Olentzeroren ongi etorria egingo dio larunbat arratsaldean. Aurten berrikuntza ugari izango da. Lehena, Olentzero berriro ere Okendo plazara iritsiko dela. Bigarrena, Loidi-Barrengo pilotalekutik Okendora kalejira egingo dela Olentzerorekin batera eta azkenik, Olentzerorekin batera Xixukoz gain, Mari Domingik ere gure herria bisitatuko duela. Porrotx eta beste hainbat lagun izango dira plazan Olentzero agurtzeko.

Eguberriak iritsi dira eta herriko haur gehienak abenduaren 25a iristeko irrikitan daude. Izan ere, Euskal Herriko ikazkin famatuenak, Olentzerok opariak ekarriko dizkie, urtean zehar zintzoak izan badira behintzat.
Baina igande goiza iritsi bitartean, Olentzerok lan handia du haur guztien eskutitzak biltzen.
Horregatik, bihar arratsaldean gure herria bisitatuko du. Lehenik kalejira egingo du herriko kaleetatik barrena eta honetan herriko haur eta guraso guztiei parte hartzeko gonbita egiten diete antolatzaileek.
Ikazkin bereziari harrera beroa egiteko Ttakun kultur elkarteak herriko erakundeen laguntzarekin jaialdia antolatu du Okendo plazan 17:30tik aurrera.
Badira hiru urte Olentzero ez zela Lasarte-Oriako erdi gunera iristen. Iaz Andatza plazan egin zitzaion harrera eta duela bi urte, Loidi-Barrengo pilotalekuan izan zen.
Aurten, berriro ere, Okendo plazara bueltatuko denez, jaialdi handia antolatu nahi izan du kultur elkarteak
Behin Olentzero Okendo plazara iritsita, jaialdi bereziari hasiera emango zaio. Gabon kantak, musika, bertsoak, magia... denetarik izango da bertan.

Mari Domingi eta lagunak

Oholtza gainean, Earra! Bertso eskolako gaztetxoak, Xixuko, Porrotx, Amaraun ludotekako haurrak, Alboka-Txiki abesbatzako kideak, Amalur trikiti eta pandero eskolako kideak, Trikihots... Ehundaka lagun izango dira Olentzerori bihar arratsaldean harrera egingo diotenak.
Baina antolatzaileek aipatu digutenez, aurten Olentzero ez da bakarrik etorriko, beste pertsonaia berezi bat ere izango da gure artean, Mari Domingi.

Eskutitzak

Aipatu legez, jaialdiaren amaieran, Olentzerok haurren eskutitzak jasoko ditu eta eginkizun horretan laguntzeko Mari Domingi izango da.
Honela, oraindik eskutitza bidali ez duten haurrek Olentzero berari edo Mari Domingiri emateko aukera izango dute eta trukean hauen muxu bat eskuratuko dute, baita Porrotx pailazoarena ere.
Jaialdia amaitzean, Olentzerok eta Mari Domingik etxerako bidea hartuko dute. Baina oraingoan ikazkina ixilean joango da, izan ere, lan handia du gauean, Euskal Herriko etxe guztietan opariak eta ikatza banatu behar ditu eta.

Gabon doinuak

Hau guztiaz gain, larunbatean hainbat izango dira gure kaleeetatik edo baserrietatik Eguberrietako giroa zabalduko duten talde eta elkarteak.
Goizean, Landaberri ikastolako ikasle eta gurasoak aterako dira Olentzeroarekin kantuan 11:00etan.
Era berean, Naximenduko lagunen taldea ere erdi gunetik ibiliko da Alejandro Romok egindako misterioarekin. Gainera, taldeak biltzen duen dirua Nikaraguan Alejandro Romo erakundeak dituen proiektuak laguntzeko erabiliko da.
Bestalde, Zabaleta auzoko lagunek auzoan eta inguruko baserrietan gabon kantak abestuko dituzte.
Arratsaldean, berriz, Erketz EDT-ko lagunek baserrietara bisita egingo dute jai giroa ere txoko horietara eramateko asmoz.
Alboka abesbatza Atsobakar zaharren egoitzan hasi eta herriko kaleetatik barrena ibiliko da kantuan ere.