Urduri sartu da Floren azken aldiz hamabost urtetan lantoki izan duen eskolako gimnasioan. Bertan bildu dira ikasle, irakasle, guraso eta zenbait ikasle ohi Gabonetako jaialdiaren baitan Coliasi prestatuko omenaldian egoteko. Irakasleari agurra dantzatu diote lehenik hiru ikaslek, ondoren, momentu hunkigarriena bizi ahal izan da ikasle eta irakasleek kantu bat eskaini diotenean. Bere lankide eta ikasleak aurrean ikustean Floren hunkitu egin da eta berarekin batera, ikasle eta lankideak. Malkoei ezin eutsi bukatu dute abestia guztiek eta ikasleek oparitxoa egin diote bere lan ona eskertzeko. Oparia jasotzeko garaian ikasleek besarkada handi bat eman nahi izan diote irakasleari.
Gurasoen esker onak
Eskolako guraso elkartekoek ere bere ibilbide ona aitortu nahi izan diote Floren Coliasi bi oparirekin. Jakina da irakasleak saskibaloia zenbat maite duen eta hau dela eta, bere izena daraman Gipuzkoa Basket taldearen kamiseta eta sinatutako baloia eman diote. Horrekin batera oroigarri bat ere jaso du.
Omenaldi beroaren ostean, Eguberrietako kantak abesteari ekin diote ohiko jaialdiari hasiera emanez.