Lasarte-Oriako Udalak abenduaren 30ean hiribus zerbitzua etetea, autobus zerbitzu munizipala sortzea eta zerbitzuaz arduratuko den enpresa aukeratzeko deialdi publikoa lehen bait lehen egitea erabaki du, zerbitzu hori orain arteko irregulastasunetik atera eta behin betiko finkatzeko. Bandoa kaleratu du Pablo Barrio alkateak erabakiaren berri eman eta herritarrei erabakiak sortuko dituen eragozpenengatik barkamena eskatzeko.
Lasarte-Oriako Udalak bando baten bidez jakinarazi du zera ikusi duela, hiribus zerbitzua ikuspegi administratibotik modu irregularrean aritu dela funtzionatzen, "ez baitago zerbitzu hori sortzeko udal erabakirik". 2010eko azarotik 2011ko urtarrilera bitartean jarri zen martxan probaldi pilotua hiribusaren futzionamendua eta herritarren erabilera aztertu eta probatzeko baina gerora ez da zerbitzua sortzeko erabakirik hartu.
Beraz, zerbitzua egonkortzeko egoera hori erregularizatzea "ezinbestekoa" denez, Udalak erabaki batzuek hartu ditu. Batetik, "une honetan dugun indefinizio administratiboko aldiari bukaera ematea" eta beraz "abenduaren 30ean bukatutzat emango da gaur egun ematen ari den zerbitzua". Bestetik "autobus-zerbitzu munizipala sortzeari ekitea" erabaki du, eta horretarako indarrean dagoen prozedura administratiboa jarraituz beharrezko urratsak ematea, eta azkenik, "zerbitzua lizitazio publikora ateratzea, zerbitzua zein enpresak emango duen zehazte aldera". "Prozesu hori ahalik eta lasterren burutu" nahi du Udalak, "horrek herritarrei aldi batez eragingo dizkien kalteak ahal den txikienak izan daitezen. Arren, barka itzazue eragozpenak" bukatzen da Pablo Barrioren oharra.