Behin Okendora iritsita, Olentzeroren txanda iritsi da. Porrotx, Mari Domingi eta Xixukoren laguntzaz, herriko ume guztiak agurtu eta ohera goiz joateko dei egin die. Muxuak banatzen hasi aurretik ordea, dantzatzera ere ausartu da Porrotx pailazoaren laguntzaz eta “Xalala” abesti ezaguna dantzatu du gutxitan ikusi ohi diogun itxurarekin. Musikariak ere izan dira Okendoko oholtzaren gainean, herriko Trikihots taldea hain zuzen. Haiek ere, musikaz girotu dute jendez lepo zegoen Okendo plaza. Horretaz gain, Porrotxek ere emanaldi txiki bat eskaini du eta umeek asko gozatu dute herriko pailazoaren txiste, ateraldi eta keinuekin, ohi duten legez.
Goizean, kantu kantari
Goizean bestalde, Landaberriko haur, guraso eta irakasleek herriko kaleak girotu dituzte Jon Lasa buru zuen Amalur trikitixa eskolaren laguntzaz. Hauek herriko txoko guztietan barrena ibili dira gabon kantak abestuz eta Brigidetako mojei ere bisita txiki bat egin diete Gabon zoriontsuak desiratzeko. Bestalde, Erketz EDT eta Zabaleta auzoko lagunek herriko baserriak bisitatu dituzte kantua festa bertara eraman asmoz eta Alboka abesbatza herrian osoan zehar ibili da kantu kantari horren egun berezia alaitzeko.