Lehenik eta behin, teloia igotzean, atzeko ahotsez, Amaia Agirre bertsolariak herriko presoei eskainitako bi bertso entzun dira. Horren ostean, Xumela kantu taldea oholtzaratu da eta txalapartaren laguntzaz, "Xalbadorren heriotzean" kanta ezaguna abestu dute.
Ondoren hasi da Aitzol Iriondo presoak idatzitako "Bazatoz, umore?" antzerkiaren funtzioa. Ziega baten barnean izandako bizipenetan oinarrituta idatzi du eta bertan antzezle lanetan aritu da Pablo Barrio alkatea, besteak beste.
Behin antzerkia amaituta, Xumela taldekoak igo dira berriro oholtzara eta hauek euren lana amaitzean, Unai Errazkinek eta Unai Muñoak Errazkin beraren "Hamar urteren ostean" eta "Herdoildutako hesiak" poesiak errezitatu dituzte txalapartaren doinuen laguntzaz.
Ostean, Inak Galiziako A Lama espetxetik eta Txurdik Monterroxokotik igorritako eskutitzak irakurri dituzte eta Iurgi preso bilbotarraren poesietako bat herriko Ahuen taldeak kantatu eta musikatu du.
Ibon Fernandez Iradi presoaren eskutitza ere irakurri dute Ane Labaka bertsolariak eta Amaia Amiano musikariak. Bertan eskerrak eman nahi izan dizkie etxekoei eta lagunei "dena eskaini" diotelakoeta "dena zor" dielako eurei. Irakurketa bukatzean, "Haizea" abesti zirraragarria kantatu dute bi gazteek gitarra baten laguntzaz.
Amaitzeko, Txapu herriko preso ohiak Iurgiren poesia bat errezitatu du herriko dantzari batzuen emanaldiaz lagunduta eta Pello Eskisabel presoaren eskutitza irakurri dute azkenik. Bertan, herritar guztiei eskerrak eman eta urtarrilaren 7an Bilbon izango den manifestazio nazionalera joateko deia egin du, "kaleak betez, kartzelak hustutzeko" eta "mentalki bada ere", herriko presoak han izango direla ziurtatu du eskutitzean.
Azkenik, emanaldian era batera edo bestera parte-hartu duten pertsona guztiak eskenatoki gainera igo eta txalo zaparrada bat eskaini diete kultur-etxera hurbildu diren guztiei. Bide batez, Presoen Lagunak Taldeak herriko preso bakoitzari bidaliko dien eskutitz komuna irakurri dute oholtza gainean.
Bertso saioa
Bestalde, atzo ilunabarrean bertso saioa eskaini zuten Okendo ondoko lokalean Lasarte-Oriako Muñoa, Otamendi eta Labaka bertsolariek Azpi zubietarrarekin batera. Giro goxoan aritu ziren elkar zirikatuz eta gai serioak tokatuta, bertso sakonak ere bota zituzten presoen egoeraren inguruan.