Lasarte-Oriako Kultura sailak Manuel Lekuona kultur-etxeko zinema eskaintza zabaldu du, hamabost egunero helduentzako zinema izango da igande arratsaldeetan, 19:30ean.
Sarrera 5,50 eurotakoa da eta ostegunetan Okendo Zinema taldearen zine forumean eskaintzen diren pelikulak ikusteko aukera izango da. Saileko arduradunak, Boris Nogalesek azaldu digunez, “Zine Forum saioa bi ostegunetan behin da, gaueko 21:30etan, eta herritar asko ezin dira saiora hurbildu. Okendo Zinema Taldeak aspalditik eginiko eskaerari kasu eginez, saioa igandeetan errepikatzea erabaki da”.
Aipatu digunez bi hilabeteko proba egingo da, “herritarren harrera ikusi beharko da. Zerbitzua mantentzeko asmoa dugu, baina bi hilabete hauetan pertsona gutxi batzuk gerturatzen badira bertan behera geratuko da helduentzako zinea”. Gainera, Gazte Txartel Munizipala daukatenei %10eko deskontua egingo zaiela gogoratu du.
Gauzak honela, lehenengo saioa urtarrilaren 15ean izango da eta Woody Allen zuzendariaren “Medianoche en Paris” filma ikusi ahalko dute Manuel Lekuonara hurbiltzen direnek.