Pepenea baserriko Xanti Telleriaren zaldiak bigarren eta hirugarren tokian heldu ziren aurreko igandean Getariako IX. San Anton Zaldi Lasterketan, Eneko Urbieta zumaiarraren zaldiaren atzetik. Lasartearrak, garaipena espero zuen aurten bi zaldi on prestatu dituela eta, beraz, arantza ateratzeko aukera izango du hurrengo igandean goizeko 11etan Ondarretako hondartzan jokatuko den lasterketan.
Odol garbiko zaldiak izan ziren nagusi igandean Getariako San Anton lasterketan eta horien artean Iron Star Eneko Urbietaren Iron Star. Guztira 21 aldik hartu zuten parte eta Urbietak probari neurria hartuta diola argi dago, azken urteotan beti bera iristen baita aurrena.
Xanti Telleriak, odol garbiko bi zaldirekin hartu zuen parte, Joxe Manuel laguna Fautxi zaldiarekin bigarren heldu zen. Telleria berak kontatu digunez, ingeles arrazako 4 urteko zaldia, hiru hilabetean geldi egon da min hartuta, baina lehen lasterketan aurrean ibili da. Lasarteoritarrek ondo zaindu duten seinale.
Eta Xanti Telleria bera Estai arraza bereko 5 urteko behorraren gainean hirugarren heldu zen. Honek lau lasterketatik hirutan garaipena lortu du eta bere jabe Telleria itxaropentsu da, denboraldian ondo ibiliko dela uste duelako.
Ondarretako probaren ondoren, Leketio eta Zumaiako hondartzetakoak etorriko dira, eta udaberritik aurrera zelaietan egiten direnak esaterako Zizurkilen. Euskal Herritik kanpora, Valladolid edo Asturiasko lasterketetara joaten da lasarteoriatarra eta aurten laster Kataluniako proba batzuetara joateko asmoa du.