Behin batean bazen ameslari talde bat, Gipuzkoako Zero Zabor izeneko fardela traineru batean sartu eta ozeanoa zeharkatu nahi zuena ur bestaldean zaborrik gabeko ustezko paradisura heltzeko. Mundu honetan paradisurik ez zegoela eta egin nahi zutena ezinezkoa zela mila aldiz entzun arren, ameslari hauek trainerua kontrolpean hartu bezain pronto, amets zuten bidaia prestatzen hasi ziren.
Honelako erronkatan mentalizazio sendoa funtsezkoa izaten da eta lan hori egina zeukaten dagoeneko, urteak baitzeramatzaten jo ta ke gezur beldurgarri bat plazaratzen: "ozeanoko alde honetan ezin izango da bizi, gure seme alaben etorkizuna bermatzeko, ur bestaldera traineru hau eramatea beharrezkoa da".
Eta horrela, GZZ izeneko fardela traineruan kargatu ondoren, estropalariak abian jarri ziren... denbora gutxirako ordea: itsaso zabalean sartu bezain laster, itsas kolpe batek jota, ontzia hondoratzeko zorian egon zen. Erronkaren tamaina ikusita, kezka nagusitu zen estropalarien artean.
Nahiz eta batzuk jarraitu nahi, gehienek buelta ematea beharrezkotzat jo zuten. Baina hainbeste urtetan bidaia prestatzen ibilita nola esan erkideei buelta eman behar zutela? Zer egin eta nora jo ez zekitela patroiak alarma botoia sakatu behar izan zuen, laguntzaren eske.
EAJ izeneko ontzi bat bertaratu eta kapitainak estropalariei bere ontzia eskaini zien kaira bueltatzeko. Urtetan prestatutako bidaia besteen ontziaren gainean bukatzearen ideia ordea, ez zen estropalarien gustukoa. Orduan, Kapitainak azken aukera luzatu zien: "Trainerua badiaraino atoian eraman eta hara iristean aske utziko zaituztegu, zuek trainerua kaira eraman dezazuen. Dakizuenez gero, badiatik irtetzeko Foru Aldundiari eskatu eta hango biltzarraren onarpena lortu beharko duzue. Horretarako sei hilabeteko epea daukazue".
Horrela egin zen. Kaian jende askok, berrogei bat alkate tarte, adorea emanez estropalariak hartu omen zituzten baina, ordurako, gehienek ezinezko amets baten atzetik ibiliak zirela barneratua zuten. Egunak joan ahala, Gipuzkoa Zero Zabor izeneko fardela kaiko bazter batean utziz, egitasmoa ahaztu egin zen. Sei hilabeteko epea atzean utzi orduko, ameslariak etxera joanak ziren.
Lasarte-Oriako EAJ-PNV