Abaraska, euskaldunon arnas gune

Txintxarri 2012ko urtarrilaren 9a

Ttakun Kultur elkartea bere sorreratik euskalgintzaren erreferente izan bada ere, herriko beste erakundeen egoera zeharo aldatu da azkeneko urteetan. Erakunde ezberdinak dira egun arnas gune euskararentzako, eta jada gune horien arteko hodiak eraikita badaude ere, gehiago hurbiltzeak eta elkarren arteko ekimenak ekarriko duen gune zabalago bat izan nahi du Abaraska.
Lau urtez behin antolatzen den Euskararen Maratoiaren filosofiari jarraituz, lasarteoriatarrak euskalduntzeko dugun gogoa isladatzen du eta guztion parte hartzea bideratuko duen egitasmo zabala izan nahi du, eguneroko maratoia, benetakoa, elikatzen lagunduko duen gunea.
Euskaraz funtzionatzen dugun elkarteok izango gara arnas guneari airea eman eta Abaraska osatuko dugunok eta maratoian bezala parte hartze ezberdinak izango dira. Lau urterik behin, Olinpiadak bezala, Maratoia jomuga izango duten egitasmoak gauzatuko ditugu. Egun badira jada egitasmo ezberdinak bide honetan; Xumela abesbatza eta azkeneko urteetan Inauteri jaia, eta zergatik ez bide horretatik jarraituz Olentzero bezalako festa herrikoia gauzatzea...
Bide berri hau eraikitzen, aurreko ikasturtean zehar egindako hausnarketa batean gauzatzen hasi zen, herriko erakunde zein herritar ezberdinekin. Orain, Abaraskaren lehenengo pausuak elkarrekin ematear gaudela, hausnarketa horren berri eman nahi dugu herrian, eta egitasmo honetan, bakoitzaren arnas gunea gehitu nahi duen oro gonbidatu nahi dugu, bide berrian elkargunea ahalik eta zabalena izan dadin. Elkar jartzea urtarrilaren 14an izango da Kultur Etxeko hitzaldi aretoan goizeko 10:30ean.

Ttakun K.E.