Zero Setteren XXV. Urteurrena

Nerea Eizagirre 2012ko urt. 10a, 01:00

Gaur, urtarrilaren 10ean, 25 urte beteko ditu Zero Sette akordeoi orkestrak. 1987an sortu zuen Jose Antonio Mercerok herriko kultur talde hau eta 1990an Elias Goikouria hasi zen zuzendari lanetan. Geroztik, milaka kontzertu eskaini ditu taldeak eta hainbat sari eskuratu ditu. Urteurren hau ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte, baina ospakizun nagusia larunbatean, urtarrilaren 14an, herriko beste taldeekin batera Manuel Lekuona kultur etxean eskainiko duten kontzertua da.

1987ko urtarrilaren 10ean lagun talde gogotsu batek Zero Sette akordeoi Orkestra musika taldea sortzea erabaki zuenetik...” Honela dio Javier Zatarainek Zero Sette akordeoi Orkestrak bere XX. urteurrenean idatzi zuen liburuaren hitzaurreak.
Izan ere, egun horretan herriko akordeoi orkestrak Jose Antonio Mercero zenaren zuzendaritzapean bere lehengo entsegua egin zuen.
Hala baina, taldearen aurkezpen ofiziala ez zen urte horretan izan. 1989ko azaroan Tedoso zineman, egun Manuel Lekuona kultur-etxea dagoen lekuan, eskaini zuen orkestrak bere lehengo kontzertua.

Zuzendari berria

Eta hortik denbora gutxira, zuzendari aldaketa izan zen orkestran. Mercerok herriko gazte bati, Elias Goikouriari utzi zion lekua.
1990ko maiatzaren 14ean, Billabonako Zineman, bere lehenengo kontzertua egin zuen Zero Sette Akordeoi Orkestrako zuzendari bezala. Herrian, aldiz, urriaren 20ean, Biyak Bat Erretiratuen elkarteak, Arantzazuko Amaren elizan, antolatu zuen Zaharren omenaldian zuzendu zuen lehenengoz.

Lanaren fruituak

Aldaketaren ostean, gainera, Zero Sette orkestra lehiaketetan parte hartzen hasi zen. Lehengoa Reina Sofia saria izan zen eta herriko taldeak garaikur nagusia eskuratu zuen.
Hala baina, ugari izan dira taldeak bere lanaren ordainetan lortu dituen sari eta aipamenak, esate baterako, Ourenseko Lehiaketako lehen saria, Torrelavegako lehiaketako lehen saria hainbat urtetan, Cedeirako lehiaketako lehen saria eta Frantziako Andrezieuxeko Sari Nagusian zilarrezko domina, baita Ginebrako Nazioarteko Sari nagusian ere.

Nazioarteko taldea

Honela, Zero Sette orkestrak gure herriaren izena nazioarteko hainbat txokoetara eraman du.
Polonia, Frantzia, Italia, Suitza edo Alemania dira orkestrak bisitatu dituen herrietako batzuk. Baina estatuan ere, Katalunia, Valladolid, A Coruña, Asturias, Leon edo Caceres-en Zero Sette akordeoi orkestrak arrakasta handia izan du.

Momentu bereziak

Lasarte-Orian bertan ¡ eta inguruan ere hamaika emanaldi eskaini ditu eta hauetako batzuk bereziak izan dira gainera.
Esate baterako, 1993an, Zero Sette Orkestrak Manuel Lekuona kultur-etxeko inaugurazioan parte hartu zuen.
Era berean, 1997an, Donostiako Artzai Onaren katedralaren ehungarren urteurrenean parte hartu zuen eta hain juxtu, Katedralean jotzen zuen lehenengo akordeoi orkestra izan zen honela.
2002an, bere lehengo diskoa grabatu zuen.
Eta 2007an, bere XX. urteurrena ospatu zuen. Besteak beste, “Zero Sette akordeoi orkestra XX. urteurrena” liburua aurkeztu zuen, bere bigarren diskoa grabatu zuen eta Kursaal aretoan jo zuen lehenengo aldiz Donostiako Orfeoiak antolatzen duen Unicef jaialdiaren barruan.

Akordeoi jaialdia

Baina dudarik gabe, orkestraren lorpen handietako bat Lasarte-Oriako akordeoi jaialdia sortzea izan da.
Izan ere, urtez urte errotzen doan ekitaldia honetara nazioarteko eta estatuko akordeoi jole eta talde ezagunak baitatoz, gure herriaren izena akordeoiaren munduan zabalduz.
Aurten bere IX. edizioa ospatuko du eta sortu duen orkestraren antzera XXV. ediziora iristea espero dugu. Zorionak Zero Sette!!